Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Urola Kostako Udal Elkarteko lehendakaria eta zortzi teknikari Bolognako (Italia) Emilia-Romana eskualdean dira, bertako "lan heziketaren, enpleguaren eta enpresen beharrei erantzuten diharduten zerbitzu eta zentrorik garrantzitsuenak" bisitatzera eta ezagutzera joanak baitira.
Zarauzko Oteiza Lizeo Politeknikoko eta Goieki garapen agentziako ordezkari banakin eta Garapen elkarteko lehendakariarekin eta Azterlan Metalurgia Ikerketa Zentroko nazioarteko zuzendariarekin batera joan dira herrialde horretara, Leonardo Da Vinci-Petpro programaren baitan; Europako lanbide heziketako arduradun eta profesionalen mugikortasunaz aritzen da egitasmo hori.
Arduradunek adierazi dutenez, ordezkari horiek eskualde horretan, prestakuntza, enplegu eta enpresen arloetan dituzten zerbitzuak eta programak "aurrez aurre" ezagutuko dituzte hilak 29ra bitartean. Izan ere, bertan hainbat zerbitzu eta egitasmo "elkarlotuta" dituztela jakinarazi dute, "enplegu eta enpresen arloko beharrizkanak norabide berean kudeatzeko eta eraginkortasuna areagotzeko". Guztira zazpi egitasmo eta zentro ezagutuko dituzte astean zehar.