Joan den larunbatean jendez goraino bete zen Zestoako Gaztetxea, II. Bertsolari Gazteen Saioan. Zestoako Gazte Asanbladak Korrika Kulturalaren baitan antolatutako ekitaldian sei bertsolari aritu ziren: Beñat Ugartetxea, Miren Amuriza, Ainhoa Mujika, Julio Soto, Jone Uria eta lehen aldiz oholtzan aritu zen Aitor Salegi zestoarra. Sarrerak egun batzuk lehenago agortuak zeuden jada eta, noski, aurreikuspenen mailako giroa sortu zen Gaztetxean.


