Gaur emango diote azken agurra Amaia Azkueri, Orioko parrokian, 19:00etan

Urola Kostako Hitza 2011ko martxoaren 21a

Amaia Azkue hitzeko arrazoi nagusia lapurreta izan zitekeela jakinarazi du Rodolfo Ares Herrizaingo sailburuak. «Ikerketa eta hipotesi guztiak zabalik» daudela adierazi du, Ertzaintzak esku artean duen «hipotesi nagusia lapurreta» bada ere. Halaber, Ertzaintza kasua «ahal den azkarren ebazteko» lanean ari dela eta «baikor» daudela esan du Herrizaingo sailburuak. Auzia sekretupean ari dira aztertzen. Hala ere, autopsia egin ondoren, joan zen asteko asteazkenean Azpeitiko Ibai Eder urtegian aurkitu zuten emakumea buruko kolpeen eraginez hil zela ziurtatu du Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak. Horrez gain, joan zen ostiralean Azkueren autoa aurkitu zutela berretsi du Aresek. Loiolako trenbide alboko aparkalekuan topatu zuten Megane markako auto grisa. Hori hala, Ertzaintza «ibilgailuko froga guztiak» aztertzen ari dela gogoratu du Aresek. Aratz-Errekan, lekukoak Bestalde, zenbait hedabidek jakinarazi dutenez, lekuko batzuk Azpeitiko Aratz-Erreka auzoan «pertsona susmagarri bat» ikusi zuten. Ustez, «ibilgailu barruko zenbait objektu desegin» zituen hark. Lekukoen arabera, pertsona horrek «autoa hustu eta gero, auzoko elizako ur harraskan eskuak garbitu» zituen. Ertzaintzak lekuko horiek galdekatu ditu, hedabideen arabera, pertsonaren inguruko «ezaugarri fisikoak» ezagutzeko asmoz. Gertatutakoa gaitzesteko, larunbat eguerdian hainbat eta hainbat herritar zein senitarteko bildu ziren Orioko plazan. Hileta bihar egingo dute, ziurrenik. Kolpeka hila Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak baieztatu duenez, asteazkenean Ibaieder urtegian (Azpeitia, Gipuzkoa) hilik agertu zen emakumea bortizki hil zen. Buruan zein aurpegian kolpe gogorrak zituen, eta Ertzaintzaren arabera, ziurrenik horien eraginez zendu zen emakumea. Era berean, hasieran esandakoaren kontrara, gorpuak ez zuela ez tiro ez labankada zantzurik ziurtatu du Ertzaintzak, eta genero indarkeriaren biktima izan dela baztertu egin du. Oraindik ez dute inor atxilotu. Urtegiko uretara jaisteko errepidean arropaz betetako zorro bat aurkitu zuen Ertzaintzak, eta han inguruan balinezko arma bat ere bai. Ez zuten, ordea, eskopeta hori erabili emakumea hiltzeko. Koordinadora Feministaren gaitzespena Ildo horretatik, Urola Kostako Koordinadora Feministak gogor salatu du Zarautzen bizimodua egiten zuen oriotarraren hilketa. “Emakume izateak bere hilketan eragina izan duela iruditzen zaigu”, nabarmendu du. “Emakumeon kontra ematen diren eraso guztietan sexismoa inplizituki bada ere beti agertzean da”. Ildo horretatik, “hildakoaren eta hiltzailearen arteko mendekotasun harremana” ezin dela alde batera utzi adierazi du: “Emakumeen kontrako indarkeria ez da beti agerikoa. Egiturazkoa den indarkeria da, jendarteak antolatzeko duen eredutik hasi eta gure bizitzako esparru guztietan ematen dena. Patriarkatuak sexuen artean ezartzen dituen botere harremanek ahalbideratzen dute indarkeria sexista eta batzuetan zuzenean ematen da besteetan aldiz zeharka”. Hori dela eta, “emakumeen kontrako indarkeriak ez duelako etenik minduta eta haserre” ageri dira Koordinadorako kideak: “Emakumeon aurkako indarkeria patriarkatuaren oinarrian dago, eta honek, gizartean emakumeok jasaten dugun mendekotasuna betikotzeko kontrol mekanismo gisa erabiltzen du indarkeria”. Ondorioz, Urola Kostako Koordinadora Feministak “ozen” salatu du Azkueren hilketa, eta “lehenbailehen argitzeko” eskatu du. Bestalde, familiari eta lagunei bere elkartasuna eta babes osoa adierazi diete: “Emakumeon indarkeriaren aurrean erantzukizuna guztiona da. Jendarte eredu berri bat beharrezkoa dugu”. “Emakumeok beldurtzen gaituenaren aurrean, erasoen aurrean”, autodefentsa feminista eta emakumeen arteko elkartasuna lantzen jarraituko duela nabarmendu du koordinadorak. Zarauzko eta Orioko Udalen gaitzespena Zarauzko Udalak hilketa gaitzetsi du ohar bidez: “Amaia Azkueren bortxazko heriotza salatu nahi dugu”, dio oharrak. Gertaera “lazgarri eta deitoragarri” hori azkar argitzea eskatu die dagokien arduradunei, eta bere eskura dauden “tresna guztiak eskaini” dizkie Azkueren familiari eta lagunei. Hildakoak “Zarautzekin lotura handia” zuela azpimarratu du, eta oharraren bidez Azkueren senitarteko eta lagunei “zarauztarren elkartasuna eta maitasuna” helarazi nahi izan die. Jon Urien Zarauzko alkateak, gertatutako ahalik eta azkarren argitzea espero duela azaldu zuen. Era berean, gaur goizean ez ohiko plenoa hasi aurretik minutu bateko isilunea mantendu dute Udal ordezkariek. Orioko Udalak ere “sendo gaitzetsi” du Azkueren “bortxazko heriotza”, eta bere senide eta lagunei “elkartasuna eta maitasuna” azaldu nahi izan die. Orioko alkate Jon Redondok “komunikabideei espekulazioak alde batera uzteko” eskatu die, eta kasua lehenbailehen argitzea espero du. Hori hala, Udalak mobilizazioak deitu ditu, eta bihar egingo duten 15 minutuko elkarretaratze isilean parte hartzeko deia luzatu die herritarrei. 12:00etan elkartuko dira, herriko plazan. Bere aldetik, Gizarte Politikako foru diputatu Maite Etxanizek ere gogor gaitzetsi du oriotarraren hilketa. Oriotarra, Getariako bizilaguna Orion jaiotakoa zen emakumea, Meagan (Getaria) bizi zen, baina Zarautzen egiten zuen bizimodua. Amaia Azkue zuen izena, 39 urte zituen, ezkondua eta bi haurren ama zen. Hedabideen arabera, emakumearen senarrak haren desagerpenaren berri eman zuen. Itxuran asteazken eguerdian ikusi zuen lagun batek azken aldiz Zarautzen. Ordutik hilik aurkitu zuten unera bitartean zer gertatu zen aztertzen dihardu Ertzaintza. Gorpua asteazken arratsaldean aurkitu zuten inguruko bizilagun batzuek. Odol arrastoa ikusi zuten oinez zebiltzan bi bizilagunek urtegia ingurartzen duen bidetik uretara joateko dagoen aldapatxo batean, baina, arrastoei ez jarraitzea erabaki zuten. Etxera joatean ikusitakoa kontatu eta etxekoak joan ziren orduan urtegira; haiek topatu zuten hilotza, uretan. Ertzainei deitu eta Azkoitiko komisaldegiko ertzainak gerturatu ziren bertara eta gorpua uretatik atera zuten. Bost egunean Gipuzkoan hildako bigarren pertsona da. Larunbatean Bergarako gizon bat agertu zen hilda, labankadekin. Ustez bere bizilagunak hil zuen, eta asteartean atxilotu zuten hura Irunen.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide