Orioko frontoia pilotariz eta herritarrez bildu da gaur arratsaldean. Herri ikastolak Udalarekin zuen hitzarmena berreskuratzeko ekintzak antolatu ditu, eta aldarrikapen festa horren baitan, haurrak pilotan aritu dira lehendabizi. Ondoren, lehenengo mailako afizionatuek lau terdian pilota partidak jokatu dituzte; partidak hasi baino lehen, ordea, bertaratu direnek Amaia Azkueren omenez minutu bateko isilunea egin dute, eta haren hilketa salatu dute. Jarraian, norgehiagokei ekin diete, eta bertan lehiatu dira Unai Onsalo banakako munduko txapelduna eta Asier Bengoetxea profesional ohia. Irigoien munduko txapeldunak eta Iparragirrek osatutako bikoteak Mikel Goñi eta Elolaren aurkako partidua izango da gero.
Bihar goizean, berriz, rappela egingo dute elizatik Kale Nagusira bitartean. Horrez gain, haur eta helduentzat jolasak egingo dituzte, eta salda eta pintxoak banatuko dizkiete herritarrei.