Euskal Pizkunde garaiko Basarri, Landaburu eta Lizardi omendu dituzte gaur eguerdian. Herritar ugari hurbildu dira Torre Luzeako parkera, hiru zarauztarren omenez egin duten ekitaldira. Errepublika garaian, “euskararen eta kulturaren alde” lan egin zuten hiru kideak gogoratu dituzte, kantu eta hitzen bidez. Jon Urien Zarauzko alkateak Euskal Pizkunderaren garrantzia azpimarratu nahi izan du, eta horien lanarendatik egun “euskara indartsu” dagoela adierazi du. Urienen esanetan, “euskararen alde lan egin zuten, egiten ari diren eta egingo duten artistei” gune bat sortu diete Torre Luzean. Ondoren, Gorka Landaburu Landabururen semeak hartu du hitza. Honek, belaunaldi hurak “konpromiso handia” bereganatu zuela azpimarratu izan du, “gure kultura defendatzeko” lan egin baitzuten. Anjen Lertxundi Anduk, bere aldetik, hiru idazleen omenez zenbait olerki sortu ditu, eta Torre Luzeako parkeko eserlekuetan daude idatzita. Gaurko ekitaldian, Lizardi eta Basarri eserleku banatan eserita eta berriketan imajinatu ditu Anduk. “Bat ahozko tradizioa berritu eta duindu nahian dabil. Beste aulkian dagoenak poesia kultoa egiten du”. Bien “ametsak tartekatzen” dituztela irudikatu du idazleak, eta gaur egun – eserlekuetan eserita daudela- zer nolako elkarrizketa izango luketen hausnartu du. Jose Mari Iriondo kazetariak, berriz, Basarri izan du hizpide. Euskal Pizkundea garaian, bertsolaritzan “iraultza” ekarri zuela adierazi du, bertsolaritza egiteko “eredu berriak” bereganatu baitzituen honek. Zentzu horretan, [...]