“Irratian lan egiteko deitu izana oparia izan da niretzat”

Getariako Hitza 2011ko martxoaren 18a

Ibilaldi luzea du Pili Manterolak (Getaria, 1968) sukaldaritzaren inguruan. Getariako Iribar jatetxean hirugarren belaunaldiko jabea da, eta irailetik Faktoria saioan jarduten du Igor Zalakain sukaldariarekin «aurrez aurre». Bien arteko «deman» eroso sentitzen dela aitortu du getariarrak. Sukaldari dema izena du Igor Zalakainek eta nik egiten dugun tartetxoak. Izenak dioen bezala, bion artean lehia txikia sortzen dugu. Irailean eskaini zidaten lana, nork jaki hobeago prestatu. Igorrek deitu zidan, eta buruan zuten ideia proposatu zidan. Saioa aurretik asko entzun ohi nuen, eta gustatzen zitzaidan Zalakainek zuen freskotasun hura. Niretzat izugarrizko poza izan zen Zalakain bezalako pertsona batek nigana jo izana. Hasieran apur bat kostatu zitzaidan halako naturaltasun hori lortzea, baina orain ingurukoek esaten didate lotsagabetzen ari naizela. Saioan elkartzen garenean oso gustura egoten gara guztiok, batzuetan ahaztu egiten zaigu zuzenean lanean ari garela ere. Bertan, Igorren eta nire artean halako borroka bat sortu behar dugu, eta begiradek izugarrizko jokoa ematen dute, esaterako. Oso giro polita sortzen da. Nola zehazten duzue zer jaki prestatu behar duzuen? Garaian garaiko produktuak jorratzen ditugu normalean. Aldez aurretik hitz egiten dugu zeren inguruan arituko garen, baita hori nola egingo dugun ere. Batzuetan, ordea, sekretupean mantentzen dut errezeta, grazia pixka bat emateko asmoz. Sortzen al da bion arteko [...]

Ibilaldi luzea du Pili Manterolak (Getaria, 1968) sukaldaritzaren inguruan. Getariako Iribar jatetxean hirugarren belaunaldiko jabea da, eta irailetik Faktoria saioan jarduten du Igor Zalakain sukaldariarekin «aurrez aurre». Bien arteko «deman» eroso sentitzen dela aitortu du getariarrak.

Sukaldari dema izena du Igor Zalakainek eta nik egiten dugun tartetxoak. Izenak dioen bezala, bion artean lehia txikia sortzen dugu. Irailean eskaini zidaten lana, nork jaki hobeago prestatu. Igorrek deitu zidan, eta buruan zuten ideia proposatu zidan. Saioa aurretik asko entzun ohi nuen, eta gustatzen zitzaidan Zalakainek zuen freskotasun hura. Niretzat izugarrizko poza izan zen Zalakain bezalako pertsona batek nigana jo izana. Hasieran apur bat kostatu zitzaidan halako naturaltasun hori lortzea, baina orain ingurukoek esaten didate lotsagabetzen ari naizela. Saioan elkartzen garenean oso gustura egoten gara guztiok, batzuetan ahaztu egiten zaigu zuzenean lanean ari garela ere. Bertan, Igorren eta nire artean halako borroka bat sortu behar dugu, eta begiradek izugarrizko jokoa ematen dute, esaterako. Oso giro polita sortzen da.
Nola zehazten duzue zer jaki prestatu behar duzuen?
Garaian garaiko produktuak jorratzen ditugu normalean. Aldez aurretik hitz egiten dugu zeren inguruan arituko garen, baita hori nola egingo dugun ere. Batzuetan, ordea, sekretupean mantentzen dut errezeta, grazia pixka bat emateko asmoz.
Sortzen al da bion arteko lehiarik?
Helburua horixe da, bakoitzak bere defendatu behar baitu. Hala ere, lehia sanoa dela esango nuke. Azken aldian, gainera, entzuleek iritzia emateko dei dezakete, eta noren errezeta nahiago duten adierazten dute. Beraz, nork irabaziko lehian jarduten dugu. Aipatu behar da, ordea, Igorrek urte asko daramatzala lan horretan, eta jarraitzaile asko ditu berak. Orduan, saioan zehar getariarrak deitzera animatzen ditut, betiere txantxetan.
Interes handia al dago entzuleen artean?
Bai, jende dezentek deitzen du. Pertsonalki, horrelako saio batean parte hartzeak nire autoestima hazi egin du. Aukeratu izana opari bat izan da niretzat. Horrez gain, saioa bera joku bat da, eta duela urte batzuetako apunteak gogora ekartzeko aukera eman dit saioak. Orain, astero jorratzen ditugun gaien inguruan liburu bat idazten hasi naiz. Saioan ateratzen ditugun kontuen laburpentxoak ari naiz jasotzen.
Zer moduzko esperientzia da orain artekoa?
Gauza asko ikasteko aukera eman dit. Duela urte batzuk ikasi nituen kontuak gogorarazteaz gain, euskarari dagokionean ere ari naiz ikasten; euskaraz bizi banaiz ere, irratian ahalik eta zuzenen hitz egin behar da, eta horretarako hitz eta aditz berriak ikasten ari naiz, esaterako. Beraz, gauza asko ekarri dizkit saio honek, eta gustatzen zait bertan izaten dugun jarrera. Egunetik egunera lasaiago joaten naiz, eta jorratu behar dugun produktua gertukoa egiten zaidanean oso gogotsu joaten naiz. Gainera, gustatzen zait ezustekoak ematea. Behin parrilaren inguruan hitz egin behar genuen. Saioaren hasieran esan nuen parrilaren kapitaina neu nintzela, txantxetan. Guztiek adarra jo zidaten orduan, gaia nirea baitzen. Orduan eman nuen ezustekoa: haiek arrainen edo haragiren bat egitea espero zuten, baina barazkia egin nuen nik. Finean, hori da entzuleari gustatzen zaiona.
Modan al daude sukaldaritza saioak?
Azken aldian asetasun pixkat ikusi izan dut honen inguruan. Horrelako programek erantzun ona izan ohi dute, baina batzuetan gehiegizkoa da eskaintza. Gure kasuan astean behin egiten dugu, eta hori neurri egokia da.
Iribar jatetxeko jabea ere bazara. Zein da horrelako jatetxe bat ematearen alderik zailena?
Iribar herriko jatetxe klasikoen artean dago. Familiak eraman izan du negozioa. Nire aitonak ireki zuen, ondoren gurasoek eraman zuten eta orain, berriz, nik. Izugarrizko lotura eskatzen du negozioak; etengabeko lana da. Aisialdi dagokionez, bestelako bizimodu bat eramatea oso zaila da. Lan egiteko moduak ere aldatu egin dira, eta orain, oro har, langileek ez dute lehen bezain epe luzean lan egiten. Hori hala, duela bost urte inguru erabaki bat hartu behar izan nuen: Horrenbeste lanen aurrean, laguntzaile gisa sozio bat hartu nuen. Bost urte daramagu elkarrekin, eta horrek denbora libre gehiago eman dit. Aisialdirako aukera lortu dut.
Bestalde, jatetxean kontrol falta momentuak ere izaten dira. Eguerdia iristen denean, bezero guztiak batera iristen dira, eta horiek kokatu eta kontrolatu bitartean momentu gorabeheratsuak bizi izaten ditugu batzuetan.
Pertsona ezagun asko joaten al da jatetxera?
Azkenekoz, Placido Domingo tenorea Getariara etorri zenean gurera etorri zen. Askok galdetzen digu zergatik ez dugun pertsona ezagunen sinadurekin osatutako liburu bat sortzen. Beharbada beranduegi da horrelako zerbait egiteko, pentsatu izan badut ere. Hala ere, askok intimitatea nahi izaten dute, eta beste batzuk, berriz, euren burua ezagutzera eman. Ezin izaten da asmatu. Horregatik, beti bakean uzten ditugu. Bestalde, film jaialdietan ez dugu lan egiten, eta aktore asko ez da etortzen. Oro har, inguruan bezero isilak ditugu.
Jatetxeak mometu gozo asko utzi al dizkizu?
Bai, momentu onak utzi dizkit. Ez naiz lotsatzen etxe honetaz. Une honetan talde ona dugu eta ateak irekitzeko orduan prest gaudela sentitzen gara; maila onean gaudela iruditzen zait. Puntu horretara iristeko lan asko egin behar da, ordea.
Angulas Aguinagako iragarki batean ere hartu duzu parte. Nola joan da?
Josu Mugerza sukaldariak erakustaldiak egiten ditu, eta lagun ona dut. Azoka garrantzitsuak egiten direnean, esaterako, bere laguntzaile bezala aritzen naiz, duela hamabi urte ingurutik. Taldean iragarki bat egin behar genuela esanez deitu zidan behin, eta halaxe egin genuen duela hilabete batzuk. Enpresaren web-orrian eskegitzeko zenbait skeetch egin dugu zortzi lagunek. Nik olagarroa eta beste pintxo bat prestatu ditut iragarki horretan. Lagunak ditut, baina emakumea izateagatik ere aukeratu nindutela uste dut. Lanbide honetan ate asko ireki dizkit emakume izateak. Izan ere, normalean gizonezkoak izaten dira epaimahaietan edo bestelako postuan egoten direnak, eta hori amaitze aldera deitu izan didate. Profesional bezala indartu egin nau horrek.
Ikusi al duzu iragarkia?
Oraindik ez dut ikuski nola geratu den. Baina oso esperientzia
polita izan zen. Eroso sentitu
nintzen horretan, eta guztien
artean giro ederra sortu zen.
Zentzu horretan gustura geratu naiz.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide