Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Ez da oso ohikoa erremonte txapelketa batean Urola Kosta eskualdeko kostako bi ordezkari elkarren aurka aritzea finalerako bidean. Larunbat honetan, ordea, Jon Juaristi zarauztarra eta Borja Agirresarobe orioarra aurrez aurre arituko dira. Biak ere finalerako txartela lortzeko «indar guztia» jarriko dute norgehiagoka horretan.
Hernaniko Galarreta pilotalekuan jokatuko dituzte Sagardoaren Txapelketako partidak, etzi arratsaldean. B multzoan, Agirresarobek jokatuko du Jose Jabier Etxeberria, Etxeberria III.-a lagun duela. A multzoan, berriz, Juaristik eta haren bikotekide Patxi Olazarrek jokatuko dute.
Bi bikoteek «ilusioz» jokatuko dute partida. Hala jakinarazi dute. Hala ere, «partida gogorra» izango dela argi dute zarauztarrak eta oriotarrak. «Txapelketa polita egin dugu, eta partida txukunak jokatu ditugu, konfidantza dugu gure buruarengan. Badakigu bikote bakarra iritsiko dela finalera, eta horretarako asmoa dugu guk», argi utzi du Agirresarobek.
Juaristi eta bikotekidea ere «pozik» daude txapelketan egin duten lanarekin, eta haiek ere «indartsu» sentitzen dira norgehiagokaren bezperan. Hala ere, aurkariak ere halakoak direla uste du Juaristik, eta horrek «errespetu pixkat» sortzen diola aitortu du. «Aurreko ligaxka gure aurkariek irabazi zuten. Faboritoak direla uste dugu, eta zentzu horretan zaila izango dugu».
Talde bakoitzak filosofia jakin bat du buruan; Agirresarobek eta Etxeberriak «finala irabaztea» dute helburu nagusia. Eta «horretarako bide onean» daudela adierazi du Agirresarobek: «Beti gehiago lortu nahi izaten dugu», dio. Juaristik eta bere bikoteak, berriz, asmo xumeagoak dituzte:
«Lehendabizi larunbateko partida irabaztea dugu buruan, eta gero gerokoak». Dena den, aitortu du: «Finalean egoteko esperantza badugu».
Pausoz pauso, finalerdian
Bi bikoteek lortu dute finalerdian izatea, baina bakoitzak bere bidea egin du. Agirresarobek eta Etxeberriak errazago izan dute finalerdira iristea, hein batean. Izan ere, azken partida Ibon Agirrezabala Matxin IV.-aren eta Iñaki Lizasoren aurka jokatu zuten, baina ordurako sailkatuta zeuden txapelketako azken aurreko txanparako.
Juaristik eta Olazarrek, berriz, txapelketa «gorabeheratsua» izan dute. Hala azaldu du zarauztarrak: «Lehenengo partida nahiko ondo jokatu genuen, baina bigarrengoa oso erraz galdu genuen. Hirugarrena izan zen erabakigarriena; irabazi egin genuen, eta azken momentuan sartu ginen finalerdira».
Txapela janzteko bidea «zaila» izango dute lau lagunek ere. Horretarako etzi izerdi eta indar guztiak utziko dituzte ordea pilotalekuan, bikote bakar batek soilik lortuko baitu martxoaren 26ko final handian egotea.