Egun berezia dute gaur, martxoaren 17a, Orioko Eguneko Zentroan. Izan ere, Zaragueta Herri Eskolako 11 eta 12 urte bitarteko 9 ikasle eta Esperientzia Eskolako 6 lagun izan dituzte bisitan, Mugabe eta Matia-Innovako ordezkariekin, eguneroko zereginetan laguntzeko. 10:00etan iritsi dira bisitariak zentrora. Lehenik eta behin, errealitatera hurbiltzeko hizketaldia egin dute, borobilean eserita. Ikasleetako bat –Jesus– aritu da, zentroko arduradunekin batera, edadetuekin solasean: atzoko egunaz, senitartezkoez… galdetuz.
Gimnasia saioa egin dute ondoren guztiek batera, ikasleak monitore dituztela eta egunkaria irakurtzeari ekin diote ondoren. Osasunarekin, politikarekin, jendartearekin, kirolarekin, ekonomiarekin… loturako albisteak irakurri dituzte bi ikaslek –Jonek eta Ibonek–. Horoskopoak eman die joko gehien.
12:00ak arte, mahaietan bildu dira edadetu eta bisitariak, taldeka. Kartetan aritu dira
batzuk; partxisean besteak; margotzen ere bai; edota zapiak biltzen.
Prestaketak
Martxoaren 10ean izan ziren aurreneko aldiz Zaragueta eskolako, Esperientzia eskolako eta Mugabe eta Matia-Innovako ordezkariak Orioko Eguneko Zentroan. Zentroa bera ezagutu zuten aurrena: non egiten duten siesta, non bazkaldu, jolasak… Egunerokoaren berri eman zieten gero gizarte laguntzaile eta gainerakoek, ikasleek berek gaurko saioa eskolan presta zezaten.