06:30erako ohartu dira Aiako Santio auzoko bizilagunak inguruan izandako inundazioez. Errepidea itxi egin behar izan du Ertzaintzak ibaiak gainez egin duelako, eta auzoko 16. zenbakiko etxeperaino iritsi da ura, azken asteetan bigarrenez. Dagoeneko errepidea zabalik da eta suhiltzaileak ere izan dira 16. etxepean, eta orain bizilagunak lokatza eta zikinkeria ateratzen ari dira eraikinetik. Izan ere, igogailuaren zuloa 1,50 metroraino tapatu du urak, eta handik gorago irten eta trastero eta garajeetara sartu da.
Bizilagun batek HITZA-ri kontatu dioenez, "etxepearen pare-parean oinezkoentzako igarobidea dago, errepidea baino gorago, altuago. Etxeperako sarrera, berriz, aldapa behera dago, eta urak arketa betetzen du". Arketa bizilagunek beraiek garbitzen dutela esan du, baina oraingoan dena batera gertatu da: "Euri asko egin du eta marea gora tokatu da, horregatik inundatu da". Suhiltzaileak 09:00etarako han zirela esan du, baina bizilagunek "amorrua" sentitzen dutela egoeraren aurrean: "Udala gure arazoaren jakitun da, baina oraingoz ez du ezer egin.
Zarauzko Itxasmendi auzoan arazo bera izaten zuten, eta arketa motordun batekin konpondu zuten problema".
Gauari "beldurrez" itxarongo diote bizilagunek, berriz inundatuko ote zaien kezkatuta daudelako.
Herrizaingo Sailetik ere errepideetan kontuz gidatzeko eskatu dute, luizi eta ur putzu ugari eragin duelako euriteak.