Arrano Kabia Kultur Elkarteko kideek «euskal presoek jasaten duten sakabanaketa politikoa etaestatu espainiarretik iritsi den eraso berria» salatu dute . Igandean egin zuten agerraldia elkarteko hainbat kidek, Arrano tabernaren atarian. «Sakabanaketa salatzeak ezin du inor auzi bidera eramateko arrazoi izan. Preso politikoen eskubideak errespetatzeko eskatzea zilegi da, eta Arrano Kabia Kultur Elkarteak bide honetan jarraituko du aurrerantzean ere», adierazi zuten.
Iaz jazo zen gertakariaren harira egin zuten elkartekideek agerraldia: «2010eko ekaina zen gure elkartera sartu eta gure herriko preso politikoen argazkiak eta euskal preso politikoen kolektiboaren kartela eraman zituztenean. Pasa den otsailean, argazki horien harira Madrilgo Auzitegi Nazioanletik agindu bat iritsi zitzaigun batzordeko kideak epaitegira deklaratzera deitzeko». «Terrorismoa goratzea» leporatu diete batzordekide horiei.
Ildo horretatik, sei batzordekide Donostiako eta Azpeitiko epaitegietara deklaratzera deitu dituzte. Horietako kide batek martxoaren 7an deklaratu zuen Donostian. Gainontzeko bost lagunak bihar Azpeitiko epaitegira jo beharko dute.
Elkartasuna
Hori dela eta, deklaratzera deitu dituzten batzordekideei elkartasuna adierazi zieten bertaratu zirenek: «Hemen bildu garenak gure lagunei elkartasuna adierazi nahi diegu. Eta eurek terrorismoari goratzar egitearen erruduntzat jo nahi badituzte, gu guztiok ere haiekin batera errudun gara».
Era berean, «ehunka kilometrora dispertsatuta dauden senideen eta lagunen eskubideak errespetatu ditzaten ahaleginean jarraituko» dutela nabarmendu zuten: «Sakabanaketaren ondorioz banatzen gaituzten kilometro gori guztiak gutunen bidez samurtzen jarraituko dugu, senideei eta lagunei behar duten babesa ematen jarraiutko dugu».
Ildo horretatik, herritar guztiak «bide horretan beren apurra» ematera animatu zituzten Arrano Kabia elkarteko bazkideek.