Urola Kostako Udal Elkarteak lokalak erabiltzeko deialdia zabaldu du

Urola Kostako Hitza 2011ko martxoaren 14a

Urola Kostako Udal Elkarteak enpresak sortzeko zerbitzua du martxan, eta Enpresagune ekimenaren baitan, bi lokal erabiltzeko deialdia zabaldu du. "Enpresa txikiak eratzeko egitasmo zehatzei edo sortu berri diren enpresei lantoki egokia eskaintzeko" helburuz, Udal Elkarteak Zarautzen duen egoitza nagusian hutsik dauden bi lokalen erabilpena sustatu nahi dute. 15,60 metro koadroko bulegoak dira eskuragarri dituztenak, eta lokalak erabiltzeaz gain, Enpresa Sustapeneko Zerbitzuko tutoreen laguntza, aholkularitza eta informazioa ere jasoko dute enpresaren kudeaketaren inguruan. Horrez gain, Udal Elkarteak enpresa-kudeaketaren arloan antolatzen dituen jardunaldi, ikastaro eta mintegietan hartu dezakete parte. Enpresagunek enpresa berriei edota egitasmo zehatzak dituztenei hiru urteko laguntza eskaintzen die. Hori hala, prezioei dagokienez lokala eskuratzen dutenek hiru urte horietan hilero kuota bat ordainduko dute; lehenengo urtean 6,81 euro ordainduko dute hilean. Bigarren urtean, berriz, 8,86 euro, eta hirugarren urtean, 10,89 euro. Eskaerak apirilaren 8a baino lehen egin daitezke. Halaber, informazio gehiago www.urolakosta.org orrian aurkitu daiteke. Argibideak, berriz, 943-89 09 09 telefonora deituta edota enpresasustapena2@urolakosta.org helbidera idatzita eskuratu daitezke.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide