Urtero legez, Gipuzkoako Foru Aldundiak Zarauzko Triatloiaren eta Munduko Surf Txapelketaren jarraipena bermatuko du. Diputazioak 27.000 euroko diru laguntza emango dio Udalari, probak antola ditzan. Ildo horretatik, 12.000 euro bideratuko ditu Zarauzko triatloia antolatzeko, eta 15.000 euro, berriz, surf probarako. Gaur goizean sinatu dute hitzarmena Kirol eta Kanpo Ekintza diputatu Iñaki Galdosek eta Zarauzko alkate Jon Urienek.
Galdosen arabera, akordioaren helburua bi probei “egonkortasuna ematea” da. Era berean, bi probek “berebiziko garrantzia dutela adierazi du, eta “ondorioz, tratamendu berezia merezi dute”. Horren erakusgarri da sinatu berri dugun hitzarmena”. Bi probek kirol zein turismo ikuspegitik duten “oihartzuna” nabarmendu zuen diputatuak: “Izaera bikoitz honek are garrantzitsuagoa egiten du akordio hau”.
