Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Sailak Kontserbazio Eremu Bereziak (KEB) izendatzen dituen dekretu egitasmoen harira Gipuzkoako 14 herritako alkateek harridura, kezka eta zalantza agertu dituzte. Bide batez eskatu dute Jaurlaritzak geldi dezala Ingurumen Sailaren erabakiaren ibilbidea, hainbat arazo sortzen dituelako herriguneen garapenean eta herritarren jabego pribatuari muzin egiten dielako. Alkateen artean daude Oriokoa eta Aiakoa ere.
Alkateen esanetan, Udalei eta herriko lur-jabeei bizkar emanda erabaki du ingurumen sailak kontserbazio eremu berezirako egitasmoa. Diote urbanizagarri izendatutako hainbat lur-sail, kontserbazio eremu berezi izendatu dituela Jaurlaritzaren egitasmoak eta horrek enpresa nahiz industrialdeen zabalkundeari zuzen-zuzenean eragingo lioke zenbait kasutan. Bestalde, mendi eremuen kudeaketan ere eragin zuzena izango luke, gaur egungo mendiko belardien erabilerak eta baso jarduera erabat mugatuz.
Horren adibidetzat jo dituzte besteak beste Orioko kasua eta Ernio-Gazumerena ere. Orion herrigunearen garapena bere horretan auzitan jartzen dutela diote. Gaur egungo Orioko herri kaskoa eta hondartza bitarteko lur sailen urbanizazioa auzitan jartzen dute. Baita dagoeneko abian dauden etxe promozio berriak eta kiroldegi eta futbol zelai inguruneak ere tramitazio berrietan zailtasun handiagoak ezarriz. Ernio-Gazume mendi eremuan, hainbat nekazarik eta basozalek, beraien lurretan egin nahi lituzketen ekimenak eta kudeaketak zailtasun nabarmenak izango dituztela ere adierazi dute. Jakinda eremu honen %95 jabeko pribatua dela, Jaurlaritzak ez du inolako zehaztapenik adierazten bere neurriek lur-jabeei sortuko dizkien kalteez eta eman beharreko kalte-ordainez.
Lankidetzarik ez
Alde guztien ikuspegi eta ekarpenak jaso ordez, asanblada moduko parte hartze publikoaren bidetik jo izana ez zaie egoki iruditu alkateei: parte hartzearen itxura handiagoa eman nahi izan dute benetako parte hartzearena duena baino. Alkateek Eusko Jaurlaritzako ordezkariekin iaz izandako bileran prozesuan esku hartzeko prestutasuna agertu zuten, baina beraien ustez Jaurlaritzak ez du bide horretatik jarraitu: informazio bilera bat egin zuen eta herriko zenbait bizilagun eta nekazaritza eta baso arloko zenbait kide inguratu ziren. Gainerako udalerrietan ez da halakorik egin. Harez geroztik Udalek ez dugu berri ofizial gehiago jaso. Ingurumen Sailak abenduaren 23an onartu zuen Dekretu egitasmoa aurretik honen zirriborrorik Udalei helarazi gabe eta ezin izan dugu ekarpenik egin.
Alkateok politika egiteko lankidetza ezinbestekotzat jo dute eta Jaurlaritzari eskatu diete bertan behera utz dezala dekretuaren ibilbidea eta ekin diezaiola alde guztien artean hitz egindako eta adostutako akordioa lantzeari, herritarrei zerbitzu on bat emateko eta gure ingurumenaren zaintza era orekatu eta eraginkor batean egiten jarraitzeko. Horren harira azaldu dute Euskadiko Autonomia Erkidegoko natur ingurunea zaintzeko ibilbideak 16 urte beteko dituela, 1994an legea onartu zenetik eta natur parkeak direla erakunde arteko lankidetzaren emaitza, Pagoetakoa tartean, eta maiz jo dutela hitzarmenera eta erakundeen arteko lankidetzara.
Ondorio ekonomikoak
Oso kezkagarria iruditu zaie era berean aurreikuspenik ez egitea neurri hauek izango dituzten ondorio ekonomikoei buruz; zenbat diru bideratu beharko den aurrekontuetan pentsatutako ekintzak burutzeko edo jabego-eskubidea mugatzearen ordainetan eman beharreko indemnizazioetarako. Garbi dagoena da Jaurlaritzaren araudia oso dela interbentzionista eta mugatzailea, eta horrek aurrekontuetan dirutza handia eskatuko duela. Horren aurreikuspenik ez du zehazten Ingurumen Sailak. Hau funtsezko kontua da jasaten ari garen krisi ekonomikoa kontuan izanda. Guztiz burugabea da Jaurlaritzaren jokaera eta ondorio larriak izan ditzakeena euskal erakundeentzat eta herritarrentzat. Horrela uste dute egitasmoak itolarrian jarriko dituela aipatutako eremuetan sor daitezkeen ekimenak eta izugarri zaildu etorkizunean egin beharreko planifikazio eta kudeaketak. Jabeen jardunbidea mugatu eta zaildu egiten du, herritarrengandik hurbilen dauden Udal-administrazioak nahastu egiten ditu eta toki hauetako garapen sozio-ekonomikoa geldiaraz dezake. Gure iritziz egoera zentzugabe eta kaotiko batera iritsi gaitezke araudi konplexu eta murriztaile hau dela eta. Honen guztiaren aurrean 14 udalerritako alkateek Jaurlaritzari zera eskatu diote: bertan behera utzi orain arteko ibilbidea eta hasi bide berri bat herri-erakundeen eta herritarren arteko lankidetza eraginkorraren bitartez errealistago izan daitekeen egitasmoa bat bideratzearren.