Azkoitia, Azpeitia, Aia eta Orioko alkateek babes eremuen egitasmoa gelditzeko eskatu dute

Urola Kostako Hitza 2011ko martxoaren 11

Ingurumenaren ikuspegitik garrantzi berezia dute guneak are gehiago babesteko bideari ekin dio Eusko Jaularitzak, EB Europako Batasuneko zuzentarau batek hala aginduta. Denera, 20 eremutan ari da aldaketak egiten, eta eskualdeko lau alkate ez datoz bat erabakiarekin, Gipuzkoako beste 10 udalbururekin batera. Aia, Azkoitia, Azpeitia eta Orioko alkateak, hain zuzen.

Haiek adierazi dute hirigintza planak-eta abian dituztela azken urteetan, eta Ingurumen Sailaren asmoek horietako batzuk ezbaian jartzen dituztela, babes eremuetan daudelako. Alkateek “harridura, kezka eta zalantza” erakutsi dute babesguneak zabaltzearekiko, eta atzera egiteko eskatu dute.

“Udalen autonomiari eraso egin diote”, salatu du Orioko alkate Jon Redondok. Proiektuak “itolarrian” jarri dituztela diote. Izan ere, haien arabera Jaurlaritzak babes berezia eman nahi dien inguru batzuk urbanizagarriak dira. “Orioko kasuan herrigunearen garapena bere horretan jartzen dute auzitan, eta egungo Orioko herri kaskoa eta hondartza bitarteko lur sailen urbanizazioa auzitan jartzen dute”, adierazi du. “Bere horretan dagoenekoz abian daude etxe promozio berriak eta kiroldegi eta futbol zelai inguruneak ere auzitan jarriko lirateke, eta tramitazio berrietan zailtasun handiagoak ezarriz, nolanahi ere”.

Baina areago, landa inguru diren sailetan ere ikusten dute arazoa, lurjabeekin. “Jaurlaritzak ez du inolako zehaztapenik adierazten bere neurriek lurjabeei sortuko dizkieten kalteez eta eman beharreko ordainez”, adierazi dute prentsaurrekoan. Horren harira, Hernio-Gazume mendi eremua aipatu dute; eremu horren %95 jabetza pribatua da.

Araudia “oso interbentzionista” dela salatu dute alkateek, “mugatzailea”, eta “dirutza” eskatuko duela uste dute. “Paperak guztia jasaten du, baina gero sortzen dituen eraginak aztertu behar dira”, ohartarazi du Aiako alkate Igor Iturainek. Hartara, atzera egiteko eskatu diote Ingurumen Sailari, eta hasteko hutsetik egitasmoa aztertzen. Era berean, udalekin elkarlanean jardutea ezinbestekotzat jo dute.

Hogei gunetan lanean

Europako Batasunek zuzentarauak hala aginduta, intereseko toki izendatu zituzten inguru zenbait bereziki zaindu beharreko gune bihurtzeko bidea hasi du Ingurumen Sailak. Guztira 20 eremutan ari da aldaketak egiten. Babesa bai, baina erabateoa ere ez da izango: eraikuntzak-eta egiteko zailtasun gehiago izango da inguru horietan, baina ez galarazpenik.

Iragan abenduan hasi zuen guneen izaera aldatzeko bidea Eusko Jaurlaritzak. Europako Batasunak emandako agindu bat dago jatorrian: Europako Batasunaren intereseko toki izendatutako guneek bereziki zaindu beharreko toki izendapena jaso behar dute sei urte baino lehen. Horretarako plana egiten ari da Ingurumen Saila. Babesa handitzeko helburuarekin, orain artekoak baino babes eremu zabalagoak jartzea proposatu du Jaurlaritzak intereseko gune gehienetan. Gizakiek ez eragitea bermatu nahi dute modu horretara.

Denera 20 guneren izendapena aldatzeko bidea hasi du Jaurlaritzak: ibaiak eta itsasadarrak dira 14; sei, mendiguneak. Informazio publikorako epea agortu dute egitasmo gehienek, hiruk izan ezik: Aiako Harrikoa, Garate-Santa Barbarakoa eta Pagoetakoa. 2004 eta 2006 artean izendatu zituzten EBren intereseko toki. Jaizkibel itsasartearen kasua ere hori da.

Eskualdean hauek dira zaindu beharreko inguruak:

1. Pagoeta: 1.250 hektarea pasa babestea proposatu dute; bereziki, jalkin basoak.

2. Garate-Santa Barbara: Artelatzak babestu asmo ditu Jaurlaritzak, 150 hektareako zatian.

3. Hernio-Gazume: 2.200 hektarea pasatxoko zatia sartuko dute. Kobazuloak daude han.

4. Urola itsasadarra: Zumaia inguruan jarri dute begia, Santiago hondartzaren inguruko dunak babesteko.

5. Inurritza: Orioko portuaren ondoko arrokak, Talaimendi ingurua eta Zarauzko dunak babestuko dituzte. 87 hektarea.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide