Asteburu honetan Igeriketako I Open Master Zarautz Baby-Auto Saria jokatuko da Zarauzko Aritzbatalde kiroldegiko igerilekuan. Guztira, 16 taldetako 150 igerilarik eman dute izena proban; besteak beste, Euskal Herriko Fortuna, Bidasoa, Oarsoaldea, Easo, Aloñamendi, Sopela eta Ondarruko taldekideak dira eta Euskal Herritik kanpoko beste hainbat taldekide: Valladolid, Burgos, Camargo, Castellae, Xerez eta abar. Beraz, “ikuskizun polita ikusteko aukera izango dugu”, azaldu dute Zarautz Balea Igeriketa taldeak. Bihar goizean, 10:00etan, emango diote hasiera txapelketari; ondore, arratsaldeko 16:30ean. eta igande goizean jarraituko du.
Master txapelketan parte hartu ahal izateko, talde baten federatua egoteaz gain, 20 urte eduki behar dira gutxienez, eta hortik gora, edozein adineko pertsonek hartu dezake parte. Ez du adin mugarik. Esate baterako, txapelketa honetan 75 urte dituen igerilari batek hartuko du parte. Zarautz Balea Igeriketa taldetik 23 lagun lehiatuko dira, 17 gizonezkoak eta 6 emakumezkoak, eta orain arte bezala, maila ona emango dutela espero dute.
Zarautz Balea Igeriketa taldeak “ilusio handiz” hartu dugu proba honen antolaketa. Are gehiago, Euskal Herrian antolatzen den Master mailako txapelketa bakarra dela kontuan izanda. “Guztiontzat, bai igerilarientzat bai ikuslegoarentzat, erreferente izango den proba bihurtuko dela uste dugu datozen urteetan”. Era berean, igerilekura hurbiltzera animatu nahi dituzte zarauztarrak. Beti bezala, sarrera doan izango da.