Udala, herriko tabernari eta ardo banatzaileekin pintxo poteoa abian jartzeko asmotan da. Egitasmo horren berri tabernariei eman zieten eta oraingoz sei tabernak azaldu dute interesa. Hala ere, herrian asmo horrekin bat egiteko moduko beste taberna batzuk ere badaudela uste dute Udaletik, beraz, dei egin nahi diete asteleheneko bileran parte hartzera. 10:00etan izango da kultur etxean.
Pintxo poteoarekin apirilean hasteko asmoa dute eta ekainera bitartean proba egin ondoren, ongi funtzionatuz gero, udako etenaren ostean, berriz hasiko lirateke irailean. Asteko egun bat aukeratuko dute eta tabernen zirkuitua antolatu. Taberna horietan, pintxoa eta edatekoa 1,5 euroren truke hartu ahal izango dira egun horretan.