Udalarekin zuen ituna aldarrikatzeko festak egingo ditu Ikastolak

Karkara.eus 2011ko martxoaren 10a

Martxoko aste bukaeretan izango dira festa giroko ekitaldiak

Udalarekin zuen hitzarmena berreskuratzeko kanpainaren baitan martxoko hiru asteburutarako jai giroko ekitaldiak antolatu ditu Orioko Herri Ikastolak herriko hainbat eragileren laguntzaz. E...

Martxoko aste bukaeretan izango dira festa giroko ekitaldiak

Udalarekin zuen hitzarmena berreskuratzeko kanpainaren baitan martxoko hiru asteburutarako jai giroko ekitaldiak antolatu ditu Orioko Herri Ikastolak herriko hainbat eragileren laguntzaz. Egitasmoaren aurkezpenean adierazi zutenez, ekitaldi hauen bidez, festa giroan, beren nahia adierazi nahi diote Udalari: behingoz sinatzea alkateak hautsi zuen hitzarmena. Zeren ez dugu ahaztu behar alkateak hautsi zuela hitzarmena, dirudienez alderdiaren babesarekin, eta hortaz, berari dagokiola sinatzea.

Ekitaldiak jendetsuak izatea espero dute eta Ikastolaren geroaz duten kezka festa giroan agertzea: Festa giroan eta 1.613 sinaduraren indarrarekin! Festa giroan eta herriko talde gehienen babesarekin! Festa giroan... baina nazkatzen hasita!

Herritarren presentzia ezinbestekotzat jo dute, bai ekitaldietan ikusle bezala baita parte hartzaile gisa ere, izan ere, ekintzak boluntarioek antolatu eta egingo dituzte: Ikastolaren estilora, harrotasunez baina harrokeriarik gabe.

EGITARAUA

Martxoak  12, larunbata, Ikastola aurreko plazan* 

Harribil eta Heldu! taldeen eskutik

  • 16:00 Herri kirolak umeentzat.

  • 17:15 Harribilen dantza saioa.

  • 17:30 Heldu! eta Markinako Danok Bat taldearen arteko giza-proba. 700 kiloko harria 20 minutuz eraman beharko du arrastaka 6 lagunez osatutako talde bakoitzak.

  • 18:00 Harri-jasotzaileak. Ruben Trillo eta Aimar Galarraga 100 kiloko kubiko eta zilindroarekin txanda librean eta Joseba Ostolaza harri jasotze erakustaldia egiten.

  • 18:30 Idoia Etxeberriaren errekor saiakera 140 kiloko harri errektangularrarekin.

* Eguraldi txarra izanez gero, frontoian egingo da eta giza-probaren ordez, herri kirol erakustaldia egingo dute).

Martxoak 18, ostirala, kultur etxean

Errikotxiaren eskutik

  • 22:00 Bertso musikatuak.

Martxoak 19, larunbata, Frontoian

Pilota elkartearen eskutik

  • 17:30 Umeentzako kale-barren partidak.

  • 18:00 Pilota partidak lehenengo mailako afizionatuekin: lau t'erdian banaka eta frontoi osoan bikoteka.

Sarrera: 16 urte artekoentzat euro bat; helduentzat 5 euro.

Martxoak 20, igandea, udaletxe aurreko plazan

Talaimendi, Txurrumuski eta Arkuperen eskutik

  • 10:30 Rappela elizatik Kale Nagusiaren azpiko aldera.

  • 12:30 Jolasak, ume eta helduentzat. Salda eta pintxoak.

Martxoak 26, igandea, frontoian

Herriko hainbat elkarteren eskutik

  • 14:15 Herri bazkaria.

Txartelak martxoaren 21era arte salgai Lore eta Uranga burdindegietan, Gelatton eta Ikastolan. Gazteen menua: 7 euro; helduen menua: 12 euro.

  • 22:30 Kontzertuak gaztetxean.

Ekitaldi hauekin besteak beste gogorarazi nahi dute beharrezkoa dela akordioa lortzea. Dagoeneko Udalak erakutsi duen borondate kaxkarra nabaria da eta galdutako denboraren seinale dira balkoietako H bandera erdi puskatuak. Zenbat bilera eta ekintza. Zenbat alperrik galdutako iluntze jornalik gabeko eztabaidetan, diote Ikastolatik. Hala ere, ospatu nahi dute eta herritarrek ere hala egin dezaten nahi dute, Ikastolaren parte garela, haur euskaldun eta prestatuak egiteko "fabrikako" kooperatibista garela. Jakin badakiten arren akordioaren bidea ez dela erraza zera diote: herri baten babesa daramagu bizkarreko motxilan. Ikastolaren estilora... egunero lanean isil-isilik!

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide