Duela bi aste igorri zuen ETB1 kateak lehenbiziko aldiz Finlandia saioa. Wazemank eta Nora hoa programen ondoren, Anjel Alkain, Egoitz Lasa, Mikel Pagadizabal eta beste hainbat aktore batu dituen saioa da. Ainere Tolosa (Zizurkil, 1979) da aurkezlea, Aitziber Garmendia zaldibiarrarekin batera. Zarautzen bizi den zizurkildarrak adierazi duenez, umorea tartekatuko duen arren, Finlandia aurreko programekiko ezberdina da. Horren ingurua aritu zaio Urola Kostako Hitzari.
Duela bi aste estreinatu zenuten Finlandia ETB 1 kateko saio berria. Zer moduzko harrera izan du? Zer moduz moldatu zarete?
Bi saio besterik ez ditugu egin, beraz, guretzat oso berria da. Ikusle batzuekin hitz egin dut eta gustura hartu dutela adierazi didate. Jendeak eskertu du formatu ezberdineko eta familia giroko programa izatea. Izan ere, larunbat gaueko programazioan familia guztiari eskainitako saioa falta zela nabarmendu dute. Eta ikusle mota hori kontuan izanda, formatu egokia dela deritzogu.
Guri dagokigunez, oraindik ikasten ari garela, bi saiook entsegu modukoak izan dira. Aurrera egin ahala ikusiko dugu zein behar dituen programak eta zer eskatzen duten ikusleek. Eta horren arabera, moldaketak egingo ditugu pixkanaka. Malgutasuna horrek aukera eskaintzen du horretarako. Ea apurka-apurka formatu polita sortzea lortzen dugun.
Finlandia-ko aurkezlea zara, Aitziber Garmendiarekin batera. Aktorea izanik, nola sentitzen zara aurkezle paperean?
Ez da erraza aurkezle izatea. Batetik, Ainereren papera egin behar dut, antzezpenik egin gabe. Ni neu izaten saiatzen naiz, ahalik eta naturalen agertzen, ez bainaiz aktorea, aurkezlea baizik. Baina bestetik, kameraren aurrean jartzen zarenean halabeharrez antzeztu egiten duzu,
portzentaia txiki batean bada ere. Orekari eusten jakin behar da.
Aitziberrek asko laguntzen dit horretan. Oso eroso sentitzen naiz harekin platoan, eta antzeman egiten da. Lehendik ezagutzen nuen, antzerkiko ikasketak elkarrekin burutu baikenituen. Profesionalki, ordea, ez nuen inoiz harekin lanik egin. Orain dut horretarako aukera eta pozgarria da berriz ere biok batzea.
Wazemank saioko aurpegi berdintsuak zarete, estilo antzekoarekin egiten duzue lan…Baina ezberdina da Finlandia.
Bai. Aktore beretsuak izan arren, ezberdintasunak daude bi saioen artean.Wazemank-en sketch-ak egiten genituen, umorea. Finlandia-n, berriz, ez dut uste umorea denik saioaren ardatza; entretenimendua da programaren oinarria. Umorea egin ordez, umorearekin egiten dugu programa. Umorea izango da, noski, baina 70 minutuko saioan ezinezkoa da umorezko edukiak soilik eskaintzea. Ildo horretatik, elkarrizketatuak egongo dira, gonbidatuak, sketch-ak, musika taldeen parodiak, publikoa izango dugu.
Nire ustez, diferentea da. Etiketa batekin gatoz, urte askoan aktore talde berak umorezko saioak egin ditugulako. Finlandian edukiak bestelakoak dira. Gusto guztientzako saioa izango da, gazteentzat zein helduentzat.
Atal berriak al ditu Finlandia-k?
Horren adibide da Desafiyua. Herri batek besteren bati desafioa botatzen dio, eta gerora tarte horretan parte hartu dutenak publiko gisa etorritzen dira programara. Horrek aktoreok ikusleengana hurbiltzeko aukera ematen digu, eta haiek gugana. Harrera ona izan du atalak, gertutasuna emateaz gain, harrapatu egiten baitu ikuslea. Izan ere, bi herri lehian ikustea erakargarria da. Espontaneoak izaten saiatzen gara, eta ikusleekin jokatzeko aukera izateak freskotasuna ematen dio programari. Nahiz eta gidatutako saioa izan, nahi duguna egiteko aukera ematen digu.
Platoa ere berezia du Finlandia-k, Friends telesaileko Central Perk kafetegia, hain zuzen.
Bai. Hasieratik erabaki zuten eskenatokia Central Perk-en antzekoa izango zela, eta halaxe egin dute, berdin-berdina. Eta nik uste, emaitza ona lortu dutela. Giroa oso goxoa da bertan biltzen dena, intimoa. Etxean bezala, sofan eserita eta ezagutzen duzun pertsona batekin saioa aurkeztea aparta da.
Era berean, eskenatokiak jokoa ematen duela uste dut, batetik bestera mugitzeko erraztasuna ematen du. Nik uste dut behingoagatik guztiz aprobetxagarria dela espazioa.
Zergatik Finlandia?
Anjel Alkain zuzendariari bururatu zitzaion. Proposatu zigunean denok galdera bera egin genion. Eta berak esaten duen moduan, eta zergatik ez? Badirudi hitzaren sonoritatea gustatu zitzaiola, sinpatikoa zela argudiatu zuen. Aurreko saioetako izenek esanahai bazuten, Nora hoa, esaterako, Wazemank-en jarraipena zen. Egia esan, ez dago arrazoi nabarmenik izen hori jartzeko.
Bestalde, Xabinaitor antzezlana Zarautzen egingo duzue datorren larunbatean, kiroldegian, 22:30etan.
Aspaldi estreinatu genuen baina azken aldi honetan emanaldi gutxi egin ditugu. Krisia dela-eta, kultura aldetik iturria oso lehortuta dago. Ikusita zegoen gertatuko zea. Ez gaude etsita eta lotuta ditugun hitzordu horietan ahalik eta gehien ematen saiatuko gara, eta aprobetxatzen, behinik behin.