Gipuzkoako Foru Aldundiak Urola Kosta eta Debabarrena eskualdeetako eta horiek Donostiarekin lotzeko garraio publiko zerbitzua ezartzeko proiektu berria onartu berri du. Eneko Goia foru diputatuak jakinarazi duenez, berrantolaketaren helburua zerbitzuaren maiztasuna, lineen arteko
koordinazioa eta ospitalerako loturak hobetzea izango da. Horretaz gain, ordutegi zabalagoa eskainiko duen zerbitzua martxan jartzea du xede. Zerbitzua 2011eko azken hiruhilekoan abian izango dela aurreikusi dute.
Eskaintza hobetu
Jakinarazi dutenez, egitasmoaren asmoa «ibilgailu pribatuarekin lehiatu ahal izateko» eskaintza hobetzea da. Hala, eskualdeko gune nagusien arteko loturak indartuko dituzte, eta garatzen ari diren eremuetara iristeko zerbitzuak gehituko dizkiete horiei. Gainera, bestelako garraiobideekin lotura eraginkorrak izatea ahalbidetuko du proiektu berriak, herrien arteko loturak bermatuz.
Ordutegiei dagokienez, ostiraletan atzeratu egingo dira linea nagusien amaiera orduak. Hala, 01:00 arte luzatuko da ordutegia. Bestalde, herriko jaietan eta egun berezietan ere gaueko zerbitzua izango dela nabarmendu dute.
Era berean, Aizarnazabal, Beizama eta Errezil bezalako udalerri txikiek emakidaz kanpoko zerbitzuak izango dituzte, eta taxiak erabiliko dituzte edota eskoletako autobus zerbitzuarekin adostuko dute, herri arteko lotuneak bermatze aldera.
Lotura zuzenak
Urola Kostari dagokionez, hiriburuarekiko eta ospitalekiko lotura zuzenak indartuko dituzte. Hala, kostaldeko udalerriak Donostiako ospitaleekin lotuko dituzte. Zarautzek, esaterako, egunean hemezortzi lotura izango ditu ospitaleekin, Zumaiak hamar eta Getariak, berriz, hamabost.
Azkoititik Donostiarako lotune zuzenak, berriz, mantendu egingo dituzte. Hala, astelehenetik ostiralera hemeretzi zerbitzu izango dira, larunbatetan hamar eta igandetan, aldiz, sei zerbitzu. Era berean, Zumaiatik Zumarragarako linea eta Renfeko geltokirako loturak mantenduko dira, Gasteizera doan linea eta Zumarragako ospitalerakoa ahalbidetze aldera.
Azkotia-Azpeitia-Zestoa linea trinkotu egingo dute; astelehenetik ostiralera 32 zerbitzu izango dira, eta larunbatetan, igandetan eta jaiegunetan, berriz, hamaika.
Horrez gain, Urbil merkataritza gunearekin lotura ere indartuko dute. Usurbilen barrena doazen zerbitzu guztiak geldituko dira Urbilen. Zarautzen udan auto pilaketa handia izaten denez, autobus zerbitzuak murriztea adostu dute. Trukean, tren zerbitzuak areagotuko dituzte.
Gaueko ordutegi zabala
Zumaia eta Donostia arteko larunbatetako gaueko zerbitzua zabalagoa izango da emakida egin ostean. Guztira, sei zerbitzu izango dira hiriburua eta kostako herria lotzeko. Azpeitia eta Eibar artean ere izango da gaueko zerbitzua. Larunbatetan, Azkoitia eta Zumaia artean gaueko lau zerbitzu jarriko dituzte, Zumaia eta Donostia arteko linearekin koordinatuta. Neguan, aldiz, Zumaia- Azkoitia eta Zumaia-Donostia zerbitzuak 01:00ak arte luzatuko dira ostiraletan.
Hamar urterako emakida
Goiaren arabera, diputatuen kontseiluak lehiaketara aterako du zerbitzuaren emakida berria, eta enpresa bakar batek hartuko du. Egun bi enpresak eskaintzen dute zerbitzua, La Guipuzcoanak eta Euskotrenek.
Behin lizitazioa eginda, esleitutako enpresak hamar urtez izango du zerbitzua eskaintzeko ardura, eta beste bost urtez luzatu ahal izango da.
Baldintzak
Enpresak egungo egoerari aurre egiteko gai izan beharko duela jakinarazi dute, «zerbitzu egokia emateko eta egoera berrietara moldatzeko gai», hain zuzen. Ildo horretatik, enpresak 40 autobus beharko ditu izan, erreserbako %12 barne.
Horretaz gain, autopistako ibilbidea egingo duten autobusek ohikoak baino eserleku gehiago izatea baloratuko dute emakida egiterakoan.
Emakidadun enpresak 19 garaio linea eskainiko ditu, Azkoitia -Zarautz eta Donostia, Zumaia-Donostia, Zumaia eta Zumarraga eta Azpeitia-Ermua artean, besteak beste. Bestalde, Lurraldebusen irudi korporatibo bateratua eraman beharko dute garraiobide publikoko ibilgailuek.