Zarauzko Kirol Patronatuak autobusa antolatu du Lilatoian parte hartu nahi duten herritar guztientzat. Emakumeei zuzendutako herri-lasterketa da Lilatoia, eta igande honetan, hilaren 13an, izango da Donostian. Autobusean joan nahi dutenek polikiroldegiko instalazioetara jo beharko dute. Kuota euro batekoa da Patronatuko abonatuentzat, eta hiru eurokoa abonatu ez direnentzat. Horretarako epea bihar bukatuko da.
Iban San Martin Kirol zinegotziak azpimarratu duenez, “Lilatoia geroz eta harrera hobea duen proba da. Pasa den urtean interesgarria iruditu zitzaigun parte-hartu nahian zebiltzan zarauztarrei garraiobidea eskaintzea, eta erantzuna ona izan zen, 43 lagunek erabili baitzuten autobusa. Hori dela eta, ekimena errepikatzea erabaki dugu”.
Proban izena eman ez dutenek, badute oraindik horretarako aukera, bihar baita azken eguna –www.lilaton.com/inscripcion-. Autobusa goizeko bederatzitan irtengo da polikiroldegitik (Zuberoa kalea), eta proba bi ordu beranduago hasiko da Alderdi Ederren, ohiko ibilbidearekin, Donostia erdiko kaleetatik, eta luzerarekin (bost kilometro). Behar izanez gero, Patronatuak bi autobus jarriko ditu.
Adin eta kirol maila guztietako emakumeak bilduko dira bertan, eta aurtengoarekin 21 edizio beteko ditu. Honako helburuekin jaio zen Lilatoia: emakumeek kiroletan parte hartzea bultzatu, emakumeen elkartegintza eta harreman sarea indartu, eta kirol jardunaren esparruan oraindik ere emakumeen eta gizonen artean dagoen aldea murriztu.
Aitzindari
Estatu mailan aitzindari izan zen proba, eta jai giroa eta aldarrikapena uztartzeagatik nabarmentzen da. Hau da, lehiaketa hutsa baino askoz gehiago da. Denborarekin hastapenetan topatu zituen oztopoak gaindituz joan da, eta hazkunde hori parte-hartzaile kopuruan gelditzen da agerian. 130 lagun izan ziren lehen edizioan, duela hogei urte baino gehiago, eta iazkoan, berriz, aurreikuspen guztiak gainditu ziren ia 1.700 parte-hartzailerekin. Patinekin aritutakoak gehitu behar zaizkie: iaz jarri zen martxan aurreneko aldiz modalitate hori, eta eutsi egingo zaio aurtengoan.