Iaz Gipuzkoako Birak izandako arrakasta ikusita, Ixidro Etxeberriak eta Nika Lertxundik egitasmo berria aurkeztu zuten urtarrilean. Aurten, martxotik azarora bitartean, Euskal Herriko zazpi lurraldeetako tontor garaienak igotzea proposatu dute. Zortzi irteera aurreikusi dituzte, eta lehena igande honetan egingo dute. Interesa dutenak Lapurdiko Artzamendira (931 metro) joango dira.
Bost ordu inguruko igoera izango da, eta horri joan-etorria beste hiru ordu gehitu behar zaizkio (ordu eta erdi joateko eta beste ordu eta erdi bueltarako). 07:00etan abiatuko dira Getariatik eta 15:00ak aldera itzultzea aurreikusi dute.
Bilera informatiboa eta izen ematea urtarrila amaieran egin baziren ere, oraindik ere inskriba daiteke txango bakoitzerako. Igandeko irteerarako bihar eman behar da izena beranduenen. Horretarako, 650-46 05 88 telefono zenbakira deitu behar da (Ixidro).
Hurrengo irteerak: apirilaren 10ean Gorbeia mendira (Bizkaian), maiatzaren 22an Ori mendira (Zuberoa), ekainaren 19an San Migelera (Aralar), uztailaren 9 eta 10ean Hiru Errege Mahaia (Nafarroa), irailaren 25ean Okabe mendira (Nafarroa Beherea) eta urriaren 23an Aizkorri eta Aitxurira (Gipuzkoa).