Ttinbili Ttanbala Taldearen Hiru, bi, zast… Egizu jolas! antzezlanean egin zuten bat Hodei Unzueta zarauztarrak eta Ibai Esoain oriotarrak. Haur antzerkiaren esparru magikoan jarraituz, Bikokote izeneko ikuskizun berria taularatuko du bikoteak igande honetan Zarauzko Lizardi antzokian, 17:30ean; sarrerak 3 euroren truke eskuratu ahal izango dira.

Antzezlaneko pertsonaiak Piruli (Ibai Esoain) eta Txupi (Hodei Unzueta) dira. Garai batean irla batean lehorreratu ziren bi bale-arrantzale dira. Urte ugari daramate bertan, baina beraiek ez dute adinean aurrera egin. Irla hura dute beren bizitza eta mundua. «Une batean, ordea, gaur egungo Euskal Herria nolakoa izango ote den pentsatzen hasten gara. Gu bizi ginen lurraldea nola garatu den, alegia. Orduan, etxera itzultzea erabakitzen dugu», tramaren berri dio Unzuetak labur-labur. Pertsonaiei arrasto edo «zabor» batzuk iritsiko zaizkie irlara, gaur egungo gizakia nahiz mundua nolakoa den azaltzen dizkietenak. «Garbikari potoa, gurpila, freskarri latek daramaten plastiko euskarria… Zer demontre dira gauza horiek? Kuriositatez, itzultzea erabakitzen dugu», arrazoitu du Esoainek.
Bi bale-arrantzale dira, baina Esoainek azaldu duenez, beren kezka ez ahalik eta bale gehien harrapatzearena: «Gero eta bale gutxiago daude eta ez genituzke bale gehiago harrapatu beharko pentsatzen duten arrantzaleak dira. Biodibertsitateari garrantzia ematen diote, baita ekologiari ere; tartean, itsasoan pilatzen den zaborrari kritika eginez. Euskal Herriko tradizioaren erakuslehioa da Bikokote, baina gaur egunera egokituta».