Kanpina eraberritzeko lanean ari da Udala, herritarren laguntzarekin

Urola Kostako Hitza 2011ko martxoaren 9a

Orioko kanpina biziberritzeko asmoz, Udalak parte-hartze prozesua zabaldu du herritarrekin, azpiegituren 50. urteurrenean. Kanpinak azken urteetan izan duen «gainbeherari» aurre egitea helburu jarri dute ekimena abian. Izan ere, Leire Zinkunegi Orioko Udaleko Turismo zinegotziaren arabera, urte horietan guztietan kanpinak zenbait «gorabehera» izan ditu. «Duela 15 urte ingurura arte garrantzia handia zuen kanpinak. Pertsona asko joaten zen bertara, eta ekintza ugari antolatzen zituzten, udara aldean, batez ere. Ondoren, kanpina zegoen lekuan zenbait aldaketa egin zituzten. Etxebizitzak egin ziren, baina horietako asko ez dira saldu. Gainera, kanpinak ordura arte 400 partzela zituen, eta orain 178 ditu». Orduko Udalak kanpina lekuz aldatzeko asmoa zuen, baina hori «bertan behera» geratuta dagoela dio Zinkunegik, etxebizitzak ez saltzeaz gain, aldaketak egin zituztenean «plangintza zehatzik» ez zutelako egin, besteak beste. «Nahikoa obra egin dira orain arte, eta etxebizitza gehiagoren beharrik ez dago momentuz», adierazi du horren harira turismo zinegotziak. Gainera, kanpina txikituta, azken urteetan zerbitzuak ere «murriztu» egin dira. Lehen, esaterako, urte osoan irekita egon ohi zen kanpina, eta orain, aldiz, urritik martxora bitartean itxi egin ohi dute. Horrez gain, kanpina «zaharkituta» geratu dela aitortu du Zinkunegik. «Ez zuten aurreikusi kanpina mantentzeko beharra. Beraz, ez dute berritu, ez dute horretarako inbertsio handirik egin». Orain, berriz, kanpinak duen «garrantziaz» ohartu da Udala, eta horregatik jarri du abian egitasmoa. «Diru sarrera segurua da kanpina, turismoa bultzatzeaz gain, herrian lanpostu asko sortzen baititu. Krisi ekonomikoa dela-eta, azken urteetan bertan lan egiteko eskaerak izugarri areagotu dira». Kanpina urte osoan ireki dezaten, Udalak kanpinean hainbat eratako azpiegiturak ezartzea proposatu du, bungalow batzuk, kasu. Zinkunegik «guztientzat lekua» dagoela nabarmendu du, eta, beraz, kanpineko «bezero finkoak» kontutan hartuko dituztela adierazi du. Horrez gain, Orioko nortasuna zabaltzerako eta gizarteratzeko orduan «hutsune» bat sumatzen du zinegotziak. Horregatik, dinamizazioari dagokionez, herriko eragileen arteko elkarlana beharrezkotzat jotzen du. Herritarren hitza kontuan Egungo egoerari aurre egiteko, hiru bilera antolatu ditu Udalak, «azpiegiturei eta dinamizazioari dagokienez proposamenak jasotzeko asmoz». Lehenengo bilera duela bi aste egin zuten. Orduan, herritarren, kanpineko langileen edota bezeroen iritziak jaso zituzten. Zinkunegiren arabera, 28 lagun elkartu ziren bilera horretan, eta guztien zalantzak argitzeaz gain, zenbait ekarpen bildu zuten. Ondoren, ekarpen horiek guztiak bigarren bileran aurkeztuko dituzte; hilaren 31n egingo dute. Halaber, egun horretako bileran herritarren proposamenak jasoko dituzte. Hirugarren eta azken bilera, berriz, apirilaren 14an egingo dute. Udalak ordurako azterketa guztia osatuta izatea espero du. Behin bilerak eginda, guztia praktikan jartzeko asmoa dute.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide