Agur beroa apaiz herrikoiari

Urola Kostako Hitza 2011ko martxoaren 9a

Zintzoa, leiala, gertukoa... Hala gogoratuko dute zumaiarrek, getariarrek zein azpeitiarrek Aitor Emazabel apaiza. «Mutil prestua zen, beti laguntzeko prest», diote haren gertukoek. Hondarribitarra Zumaiako San Telmo ermita pareko haitzetan aurkitu zuten hilda herenegun. Ertzaintzak jakinarazi duenez, litekeena da bere burua labarretara bota izana. Lekukoek 15:20 aldera eman zioten Ertzaintzari gertakariaren berri. Helikopteroa erabili behar izan zuten gorpua arroketatik atera ahal izateko. Emazabel Zumaian, Getarian zein Azpeitian maite zuten. Herritarrekin harreman estua medio, estimu handia zioten eskualdeko herritarrek erretoreari. 36 urte zituen, eta hamabi urte egin zituen apaiz. Lehenbizi Zumaian izan zen parroko hondarribitarra. Asentzio Elustondo erretorearen lekukoa berak hartu zuen. Mezak prestatzeaz eta emateaz, ezkongaiei ikastaroak eskaintzeaz, gaixoak bisitatzeaz, eta hilotzen alde otoitz egiteaz gain, katekesian ere parte hartzen zuen, besteak beste. Doktrinako katekistek jakinarazi dutenez, «fenomeno» moldatzen zen haiekin. «Pertsona ona zen, irekia, nahiz serioa ematen zuen. Gustatzen zitzaion festetan eta kalean ibiltzea, baina ez zen hitz handikoa», adierazi dute katekesi irakasleek. Naturazalea ere bazen Emazabal, eta maite zituen Zumaia inguruak eta itsas labarrak. Itsasoak hartu du bere altzoan. «Aztarna sakona» Zumaiako alkate Iñaki Agirrezabalagak herrian «aztarna sakona» utziko duela dio. Haren esanetan, «asko gustatzen zitzaizkion Zumaia eta zumaiarrak». «Bere arloan lan handia egin zuen, eta jende askorengan eragin zuen Emazabalek», nabarmendu du Agirrezabalagak. Hori dela eta, penaturik ageri da Zumaiako alkatea, baita harrituta ere. «Sorpresa handia izan da Emazabelen heriotzaren berri jasotzea. Ez genuen inondik inora espero», gehitu du. Horren harira, doluminak eta elkartasuna agertu dizkie Agirrezalagak hondarribitar gaztearen senitartekoei eta lagunei. Getarian ere antzerako lanak egin zituen apaiz gazteak. Zazpi urtez izan zen herriko apaiza, eta denbora horretan herritarren konfiantza irabazi zuen. Getariako alkate Andoni Aristik «harreman estua» zuen Emazabalekin: «Herrian izan zen urteetan elizaren eta Udalaren arteko harremana estua izan zen». Ildo horretatik, berria jakin duenean «izugarrizko kolpea» jaso du Aristik: «Ezusteko latza izan da, sinestezina». Aristiren arabera, pertsona ezaguna zen herrian: «Lurjota daude herritarrak». «Mutil jatorra zen, gertukoa, laguntzailea eta konformista. Beti agertu zen laguntzeko prest, inoiz ez zigun ezezkorik eman», nabarmendu du. Getaria atzean utzi gabe 2008an Getariatik Azpeitiko Parrokiara lekualdatu zen Emazabel. «Ez zuen, ordea, getariarrokin zuen harremana inoiz eten», nabarmendu du Aristik. Haren esanetan, «nahiz eta Azpeitira joan askotan etortzen zen herrira». Hala, sanantonetan zein Meagako jaietan, besteak beste, apaiz gaztea herritarrekin berriketan ikustea ohikoa zen. Emazabel berak ere lotura handia sentitzen zuen Getariarekiko, eta hala adierazi zuen duela urte batzuk Artzape aldizkariak egindako elkarrizketan: «Esperientzia erabat baikorra izan da Getarian zazpi urtean apaiz izatea, betegarria. Oroitzapen oso onak eramango ditut Azpeitira». Artzapeko kolaboratzaile ere izan zen, eta herritarrengandik jasotako «maitasuna» nabarmendu zuen, batez ere: «Urte hauetan ezagutu dudan jendeagatik merezi izan du esperientziak». Ildo horretatik eta «disimulatzen saiatu arren», penaz agurtu zen apaiz hondarribitarra getariarrez. Sufrimendua oinarrian Azpeitian, berriz, bi gunetan jardun zuen apaiz lanetan, San Sebastian Parrokian eta Esklabetan, Kepa Susperregi erretorearekin batera. Hiru urte zeramatzan Azpeitian apaiz gisa. Haren lankidearen esanetan, «oroimen onarekin» geratu dira herritarrak: «Mutil leiala zen, eta ondo moldatzen zen Parrokian lan egiten zutenekin. Pena handia hartu du jendeak». Bat egin du Azpeitiako alkate Julian Eizmendik erretorearekin, eta Emazabelen sufrimendua jarri du mahai gainean: «Edonola ere, heriotz guztiak izan ohi dira mingarriak. Are mingarriagoa da, ordea, Aitorrek barruan zituen borrokez eta ondorioz jasan zuen sufrimenduaz pentsatzea. Bakea lortuko duela opa diogu bihotzez». Bide batez, animoak bidali dizkie alkateak Emazabelen senideei zein gertukoei. Emazabeli azken agurra Emazabeli azken agurra emango diote gaur. Haren aldeko meza izango da bere jaioterrian, Hondarribian alegia. Hori dela eta, Zumaiako parrokiak autobusa antolatu du bertaratzeko. Interesa duenak autobusean lekua izateko 616-34 06 60 telefono zenbakira deitu beharko du, 11:00ak baino lehenago. Zumaiako Parrokian ere elizkizuna egingo dute gaur. Azpeitian, berriz, asteburuan egin ohi dituzten bi mezetan gogoratuko dute Emazabal gaztea.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide