Ezker abertzaleak herri programa osatzeko landu duen proposamena bere oinarriarekin partekatu du azken asteotan. Arloetako bilerak egin ostean, oinarrien ekarpena falta zen soilik herri programa osatu bat egiteko bidean. «Bikain erantzun dutela esan beharra dago, dozenaka pertsonek egin baitituzte euren aportazioak», adierazi dute Zestoako ezker abertzaleko ordezkariek.
Programa lantzerakoan ezaugarri nagusia parte-hartzea izan da. «Herritarren iradokizunen bitartez herri programa herritarra egiteko aukera izan dugu». Aurreratu dutenez, herri programa eta udal hauteskundeetara begirako zerrenda apirilaren hasieran aurkeztuko dituzte.
Kultur etxean egingo dute herri batzar irekia. Ondoren, kanpainan murgilduko dira bete-betean. «Hainbat ekimen prestatuta dugu beste lau urte z Udalean lanean jardun asmoz», jakinarazi dute.
Inkestak eskuragarri
Ezker abertzaleak abiatutako prozesu honetan parte hartu nahi dutenek oraindik aukera dute iradokizunak eta ekarpenak egiteko. Horretarako, etxez etxe banatu duten inkesta bete daiteke. Bestalde, postontziak ere jarri dituzte herriko hainbat tokitan, datorren astea bitartean nahi duenak bere iritzia bertan eman dezan.
Sare sozialen bidea
Herri programaren inguruko albisteak jaso ahal izateko webgunea ere zabaldu du ezker abertzaleak: herriprograma2011.net/zestoa. Hala ere, norbaitek e-mail bidez iradokizunen bat egitea nahiko balu, zestoa@herriprograma2011.net helbidera idatzi dezake.
Horrez gain, eta gazteekin harreman zuzenagoa izan asmoz, Tuenti eta Facebook sare sozialetan ere sortu dituzte harremanetarako eta komunikaziorako bideak, bietan Zestoako ezker abertzalea izenarekin.