Ibon Arrizabalagak hitzaldia emango du Bertsolamintza jardunaldietan

Karkara.eus 2011ko martxoaren 7a

"Gorbata ala amantala erantzita... andre-gizonak bertsotan biluzik?" da hitzaldiaren izenburua

Inertziak erantzi, garena jantzi izenburupean antolatu ditu Euskal Herriko Bertsozale Elkarteak Bertsolamintza jardunaldiak. Aurtengoa laugarren aldia da e...

"Gorbata ala amantala erantzita... andre-gizonak bertsotan biluzik?" da hitzaldiaren izenburua

Inertziak erantzi, garena jantzi izenburupean antolatu ditu Euskal Herriko Bertsozale Elkarteak Bertsolamintza jardunaldiak. Aurtengoa laugarren aldia da eta martxoaren 10ean, ostegunean, da hurrengo hitzordua. Durangoko Plateruena Kafe Antzokian 18:00etan izango dira hitzaldiak eta Ibon Arrizabalaga berdintasuneko teknikari oriotarrak hartuko du parte. Gorbata ala amantala erantzita... andre ala gizonak bertsotan biluzik? da bere hitzaldiaren izenburua eta bertsolaritzan, inertziaz, ohiko genero rolak indartu eta iraunarazten direla agerian utzi nahiko du. Horren aurrean besteak beste zalantzan jarriko du posible ote den bat-batekotasuna eta publikoaren erantzuna ardatz dituen sormen estereotipoei ihes egitea. Beti joango al da bertsolaritza jendartearen baloreen atzetik? Ala posible da jendartearen aurretik jartzea, bost zentimetrogatik bada ere? Posible al da rolak biluztuta gaiak jartzea edo bertsoak kantatzea, epaitzea, txalotzea? izango dira gaitzat hartuko dituen galderak.

Durangoko hitzorduan Egoitz Aizpuru gai-jartzailea ere arituko da Gai-jartzailea emagin? Zenbateraino markatzen du gaiaren ikuspegiak eta tonuak ondorengo bertsoaldia? galderari erantzungo dio bere hitzaldian. Ondoren, 19:30ean, eztabaida izango da publikoari irekia Egoitz Aizpuru eta Ibon Arrizabalagarekin, Onintza Enbeita aurkezle eta moderatzaile dela.

Amaieran bertso saio esperimentala egingo dute Jon Maia, Iker Zubeldia, Onintza Enbeita eta Ainhoa Agirreazaldegi bertsolariek, Egoitz Aizpuru gai-jartzailearen esanetara, Saioa 20:30ean izango da.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide