Jakinarazi dutenez, haurreskola berriko lanak “oso aurreratuta” daude. Hori dela eta, Hezkuntza saileko arduradunek zentroa martxoaren 31rako martxan izango dela aurreikusi dute. Interesa dutenek gaurtik ostirala bitartean eman ahalko dute bertan izena.
Zentro berriak guztira 50 bat haur hartuko ditu, 0 eta 2 urte bitartean. “Gaur egun, haurreskolak 139 plaza ditu 0-2 urte bitarteko haurrentzat. Azken urteotan, ordea, eskaera handia egon da. Hori dela eta, Hezkuntza sailak, Haurreskolen Patzuergoarekin elkarlanean, plaza kopurua areagotzea erabaki zuen, eskaerari erantzuteko asmoz”, nabarmendu du Hezkuntza zinegotzi Gloria Vazquezek. Hori dela eta, zentro berria eraikitzea erabaki zuten. “Nahiz eta bi eraikin izan, zentro berria haurreskola zaharrarekin lotuta egongo da”, jakinarazi du Vazquezek: “Obra honi esker, 50 plaza gehiago eskainiko ditugu. Hala, guztira 0-2 urte bitarteko 189 haur hartuko ditu haurreskolak”
Eraikin berriak hainbat gune izango ditu: 80 metro koadroko erabilera anitzeko egongela, tailerra, biltegia, bulegoa eta lorategia, besteak beste. Ignacio Quemada arkitektuak zuzendu du proiektua, eta Vazquezen arabera, Haurreskolen Patzuergoko ordezkarien eta haurreskolako hezitzaileen eskaerak izan ditu kontuan.
Espainiako Gobernuak abian daukan E Planaren bidez 2.400.000 euro jaso ditu Zarauzko Udalak haurreskolako lanak burutzeko. Behin lanekin amaituta, Udalak zentroaren kudeaketa Haurreskolen Patzuergoaren esku utziko du.