Estatu Batuetako Dresser-Rand enpresak Guascor erosi du 862 milioi dolarren truke. Jose Maria Gutierrez Askunzek sortu zuen enpresa 1966an, Zumaian, itsasontzientzako diesel motorrak egiteko. 1994an, enpresa gainbeheran zegoela, Joseba Mikel Grajalesek erosi zuen. Energia berriztagarrien sektorean hasi ziren lanean eta bost urtean Euskal Herriko enpresa indartsuenetako bat bilakatu zen. Krisiarekin, ordea, fakturazioa erdira jaitsi da eta Estatu Batuetako enpresaren eskaintza onartu beharrean aurkitu dira. Arduradunek jakinarazi dutenez, enpresak betiko izena eta egoitza guztiak mantenduko ditu.