Larunbat gauetik igande goizaldera bitartean, martxoaren 4etik 6rako gauean, autobus zerbitzu berezia jarriko du Landabusek Inauteriak direla eta. Zarautza joan eta etorri egiteko garraio publikoa izango dugu hortaz, oriotarrok eta aiarrok.
Gaueko hamaiketan irtengo da aurreneko autobusa Aiatik; 23:20an jasoko ditu oriotarrak tren geltoki parean; eta 23:40ean iritsiko da Zarautza. Gauerdian, 00:00etan, izango da hurrengo autobusa Aian. Hortik aurrerakoak (02:30ean, 03:35ean eta 05:00etan Aian) Zarautza joango dira zuzenean, Orion gelditu gabe.
Etxera bueltatzeko, berriz, 23:40an izango da lehenengo autobusa Zarautzen eta Aiara joango da zuzenean. Beste lau autobusen (00:40ean, 03:00etan, 04:00etan, 05:30ean, Zarautzen), aldiz, Orion geldiunea egingo dute.