Igande honetan, martxoak 6, Mugarik gabeko lurpea taldearen ekimenez, Ekainberri Kobazuloen II. eguna ospatuko da eta bisita bereziak eta historiaurreko ehizako txapelketa bat izango dira egun horretan.
Sorginen Kobak (Zugarramurdi), Urdazubiko Leizeak, Sarako Leizeak, Pozalaguako Kobak, Koben Kobak, Mendukilo Kobak, Arrikrutz-Oñatiko Kobak eta Ekainberrik osatzen dute 2008an Mugarik Gabeko Lurpea taldea. Helburu argia dute denek: lurpeko bisitariari ‘seigarren kontinentea’ ezagutzeko aukera ematea, hurbil izan arren hain ezezagun zaizkigun baliabide hauek ezagutzeko aukera eskainiz.
Kobazuloen egunerako, aipatutako leizeek ekintza desberdinak antolatu dituzte. Martxoaren 6an sarrerek %50eko deskontua izango dute eta bisitariek Zugarramurdiko Haitz-Etxea Landa Etxerako asteburuko alojamendua eta 8 kobetarako sarreren zozketan parte hartuko dute.
Ekainberrin egun horretako bisitak bereziak izango dira eta egun guztian zehar historiaurreko armak erabiltzen ikasteko eta entrenatzeko aukera izango dute bisitariek. 12:00etan eta 17:00etan ehiza txapelketak jokatuko dituzte. Txapelketa honetn xedea da, parte-hartzaileek bizirauteko animaliak ehizatzea; bi ehiztari onenek oparia eramango dute etxera. Egun horretan ere bisita guztiak gidatuak eta aforo mugatukoak izango dira. Horregatik aldez aurretik 943868811 telefono zenbakira erreserba bat egitea gomendatzen dute Ekainberritik.