`Orio, oro hori´ historia liburua aurkeztuko dute astelehenean

Karkara.eus 2011ko martxoaren 3a

Antxon Aguirre Sorondok idatzi du eta Miren Etxeberriak itzuli

Udalak emandako beka bati esker, Antxon Aguirre Sorondo etnologo eta historialariak, gaztelaniaz idatzi, eta Miren Etxeberria oriotarrak euskaratutako Orio, oro hori du liburua, martxoare...

Antxon Aguirre Sorondok idatzi du eta Miren Etxeberriak itzuli

Udalak emandako beka bati esker, Antxon Aguirre Sorondo etnologo eta historialariak, gaztelaniaz idatzi, eta Miren Etxeberria oriotarrak euskaratutako Orio, oro hori du liburua, martxoaren 7an, astelehenean, aurkeztuko dute kultur etxean 19:00etan. Aurkezpenera azaltzen direnek aukera izango dute liburuaren ale bat doan hartzeko. Gainontzekoek, erosi nahi badute, herriko kultur etxera edo ohiko tokietara jo beharko dute.

Orioko herriaren historiari buruzko dibulgazio-lan bat egina zuen aurrez Marta Trutxuelo andoaindarrak, baina Udalak liburu txikiago eta irakurterrazago baten beharra sumatuta beka deialdia egin eta Antxon Aguirre Sorondoren proposamena aukeratu zuen epaimahaiak. Antxon Aguirre Sorondok liburua 2005erako amaitu bazuen ere, Udalak denbora asko behar izan du itzulpen, prestaketa eta moldaketa lanetarako.

Liburuan kontu asko aipatzen dira, atalka jasoak: Orio eta itsasoa, Udala, janaria eta edariak, osasuna, gerrak, hezkuntza, erlijioa, kirola, festak… Oso modu bizian kontatuta dago liburua, bitxikeria eta anekdota ugari tartekatuz. Beraz, ez da espezialistei zuzendutako liburu bat, baizik-eta gaiarekin interesa duen edozeinentzat egina. Aguirre Sorondok Aiako historiari buruz liburua ere egina dauka.

260 orrialde ditu liburuak eta azaleko irudia Pedro de Texeirak 1634. urtean egindakoa da. Bertan ikus daiteke,  nolakoa zen Orio garai hartan.


Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide