Haur, gazte eta helduentzako jarduerak, Inauterietan

Zarauzko Hitza 2011ko martxoaren 3a

Zarautzek Inauteriak bete-betean ospatuko ditu aurten ere, asteburu honetan. Turismo Bulegoak hainbat ekitaldi antolatu du herriko talde eta eragileekin elkarlanean, musika, lehiaketak, jolasak eta kale animazioa oinarri gisa hartuta. “Urtetik urtera herrian hazten ari den ospakizun hau biziberritzea da egitarauaren helburu nagusia”. Hori eman zuten aditzera atzoko aurkezpenean Imanol Lasa Turismo zinegotziak, Andoni Ibarguren Gazteria zinegotziak, Maria Garrastazuk (Zurekin), eta Udaberri Jubilatuen Elkarteko ordezkari Bernardo Martin eta Usoa Ortiz de Zaratek. Guztiek hartu dute parte antolaketan. Festak hainbat berritasun izango du, aurreko urteetakoekin alderatuta. Hala, bihar, ostirala, musika saioa egongo da Jon Urbieta antzezle, aurkezle eta dj ezagunaren eskutik, 19:30etatik 22:00etara Musika Plazan. Orain arte ekitaldirik ez zen antolatzen ostiraletan. Larunbatean, 18:30etatik 20:00etara, mozorrotutako koadrilen kalejira-lehiaketa izango da Musika Plazatik abiatuta, Zurekin Ostalarien Elkarteak antolatuta. Aldez aurretik izena ematea komeni da Turismo Bulegoan, eta egunean bertan, berriz, Txiki Polit tabernan. Banakako mozorroek ere hartu ahal izango dute parte. Lehiaketaren sari-banaketa arratsaldeko zortziretan egingo da Musika Plazan. Koadrila-mozorrorik onenak Zurekin elkarteko kide diren tabernetan erabili ahal izango den 300 euroko txartela irabaziko du. Bigarren eta hirugarren sailkatuek, berriz, 200 eta 100 euroko txartelak irabaziko dituzte, hurrenez hurren. Ekitaldi berean, Inauterietan ondoen hornitutako tabernak saria jasoko du. Gaztelekua izango da animazio gune [...]

Zarautzek Inauteriak bete-betean ospatuko ditu aurten ere, asteburu honetan. Turismo Bulegoak hainbat ekitaldi antolatu du herriko talde eta eragileekin elkarlanean, musika, lehiaketak, jolasak eta kale animazioa oinarri gisa hartuta. “Urtetik urtera herrian hazten ari den ospakizun hau biziberritzea da egitarauaren helburu nagusia”. Hori eman zuten aditzera atzoko aurkezpenean Imanol Lasa Turismo zinegotziak, Andoni Ibarguren Gazteria zinegotziak, Maria Garrastazuk (Zurekin), eta Udaberri Jubilatuen Elkarteko ordezkari Bernardo Martin eta Usoa Ortiz de Zaratek. Guztiek hartu dute parte antolaketan.

Festak hainbat berritasun izango du, aurreko urteetakoekin alderatuta. Hala, bihar, ostirala, musika saioa egongo da Jon Urbieta antzezle, aurkezle eta dj ezagunaren eskutik, 19:30etatik 22:00etara Musika Plazan. Orain arte ekitaldirik ez zen antolatzen ostiraletan. Larunbatean, 18:30etatik 20:00etara, mozorrotutako koadrilen kalejira-lehiaketa izango da Musika Plazatik abiatuta, Zurekin Ostalarien Elkarteak antolatuta. Aldez aurretik izena ematea komeni da Turismo Bulegoan, eta egunean bertan, berriz, Txiki Polit tabernan. Banakako mozorroek ere hartu ahal izango dute parte.

Lehiaketaren sari-banaketa arratsaldeko zortziretan egingo da Musika Plazan. Koadrila-mozorrorik onenak Zurekin elkarteko kide diren tabernetan erabili ahal izango den 300 euroko txartela irabaziko du. Bigarren eta hirugarren sailkatuek, berriz, 200 eta 100 euroko txartelak irabaziko dituzte, hurrenez hurren. Ekitaldi berean, Inauterietan ondoen hornitutako tabernak saria jasoko du.

Gaztelekua izango da animazio gune garrantzitsuenetako bat, lehen aldiz 12 eta 16 urte bitarteko gazteentzako mozorro lehiaketa antolatu baita. Tribu urbanoak izango da gaia. Bestalde, musika, merienda eta karaokea egongo da, larunbatean, 18:00etatik 20:00etara.

Adinekoek ere bat egingo dute festarekin, 20:30etatik 00:00etara mozorro-dantza izango baita Udaberri Jubilatuen Elkartean, egitarau ofizialaren barruan. Halaber, ostiral zein larunbatean, pailazo-sudurrak banatuko dira tabernetan.

Larunbateko ekitaldiekin jarraituz, animazioz beteriko gynkana izango da zortzi urtetik gorako neska-mutilentzat 12:00etatik aurrera, kale hezitzaileen eta Txipristin aisialdi taldearen eskutik. Harrera oso ona izaten du jarduera horrek, eta lehen arratsaldetan antolatzen zen. 19:30etatik 20:00etara, berriz, Clowntucada perkusio taldeak herriko kaleak girotuko ditu. 22:30ean, azkenik, dantzaldia izango da Musika Plazan, Trakets taldearekin.

Igandean, haur eta gaztetxoen txanda helduko da. 11:00etatik 12:00etara giro herrikoia izango da erdiko kaleetan, kalejira, erraldoi eta buruhandiekin, eta Tximeleta fanfarrearekin. Tximeletakoek 14:00ak arte jarraituko dute jendea animatzen. Arratsaldean, 17:00etatik 18:00etara, Hipo eta Tomax pailazoek Musika Plazara gerturatzen diren guztiei barrea aterako diete. Ondoren, eta 18:30ak arte, askaria izango da haur guztientzat. Eta 19:30ak arte, haurrentzat dantzaldi berezia izango da Tribu TB taldearekin. Eguraldia txarra balego, igandeko jarduerak Gaztelekuan egingo dira.

Imanol Lasak dei egin die zarauztarrei festarekin bat egin dezaten eta “modurik onenean” goza dezaten, hau da, “mozorrotuz”. Zinegotziaren arabera, “helburua herrian gelditzen diren zarauztarrei aisialdirako aukerak eskaintzea da, batik bat haur eta gaztetxoei. Guztientzat izango dira ekitaldiak, eta antolaketan, gainera, herriko talde eta elkarteek hartu dute parte. Garrantzi handia ematen diogu lidergo partekatu horri, eta sektore publiko eta pribatuaren arteko elkarlanari. Inauteriak oso festa bereziak dira, eta Zarautzek merezi du kaleetan giro polita edukitzea, jendeak ikus dezan posible dela ondo pasatzea Tolosara edo Donostiara mugitu beharrik gabe”.

Kartel lehiaketa
Atzotik Euskalduna tabernan ikusgai dago Inauterien atariko erakusketa. Euskaldunak berak eta Turismo Bulegoak antolatu ohi duten ‘Inauteriak 2011’ kartel lehiaketara aurkeztutako lanak ikus daitezke bertan. Sari banaketa atzo arratsaldean izan zen, tabernan bertan. Jabeak dira sarien kostua bere gain hartu dutenak.

Aurtengo irabazleak Igor Maiora, Ibon Irazola eta Miriam Azpilikueta eibartar gazteak izan dira, INAUT11Z izeneko lanarekin. Lan hori izango da aurtengo Inauterietako kartelari irudia ematen diona —jada herriko hainbat puntutan ikus daiteke—, eta programaren eskuorrietan ere ikusi ahal izango dena. 400 euro jasoko dute garaile gisa. Oihana Leunda zarauztarrak irabazi du bigarren saria Oinak-ekin. 200 euro jasoko du. 42 diseinu aurkeztu dira guztira lehiaketara, eta guztiak ikusi ahal izango dira datozen egunotan Euskaldunan.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide