Zumaiako Udal Gobernuak webgunearen erabilera "partidista" egiten duela salatu du oposizioak

Urola Kostako Hitza 2011ko martxoaren 3a

EAJk, PSE-EEk eta Pilar Etxabe zinegotziak udal webgunearen inguruan ezarritako mozioa onartu du Udalbatzak gaur goizeko ezohiko plenoan. Gehiengoz onartu dute proposamena, EAJren, PSE-EEren eta Pilar Etxaberen aldeko bozkekin, Aralar-Alternatibaren abstentzioarekin eta Talde Mistoaren eta EAren kontrako botoarekin. Ondorioz, mozioaren edukia hilabetez webgunean zintzilikatuko dute, "ongi ikus daitekeen lekuan". Oposizioak Udal Gobernuak www.zumaia.net webgunearen erabilera "partidista" egiten duela salatu du mozioaren bidez. EAJko bozeramaile Maria Eugenia Arrizabalagak adierazi duenez, EAk eta Talde Mistoak "zumaiarren diruaz baliatuz, inongo lotsik gabe irainak eta gezurrak" argitaratu dituzte udal webgunean, "itxura ofiziala eman asmoz": "Erakunde baten tresnaz baliatu dira propaganda partidista egiteko eta oposizioari hastakeriak egozteko. Argi ikusten da nolakoak diren". PSE-EEko zinegotzi Emiliano Cabañasek bat egin du Arrizabalagarekin, eta Iñaki Agirrezalaga alkateari eta Andoni Etxaniz alkateordeari "fede txarrez" jokatu izana egotzi die: "Orokorrean Udal Gobernuak kudeatu ohi du webgunea baina zuek fede txarrez jokatu duzue. Halako tresna batek herritarrei informazioa helarazteko balio izan behar du, ez oposizioan gaudenok iraintzeko". Pilar Etxabek udal webguneak "berriak emateko" helburuarekin sortu zutela gaineratu du, "ez politika egiteko". "Informazioa desbideratu" Aralarreko zinegotzi Aitor Leitzak, berriz, mozioa idatzita dagoen modua "egokia ez" dela aitortu du. Era berean, "irtenbidea erraza" dela nabarmendu du: "Alderdi politiko bakoitzaren webgunearen esteka gehitu dakioke udal webguneari, hala guztiok izango dugu geure tartea" . Horretaz gain, eskaera egin izana "bitxia" dela gaineratu du: "Orion EAJk nahi duen modura erabiltzen du webgunea, eta PSE-EEk gauza bera egiten du Eibarren. Eskaerak egin aurretik, geure buruari begiratu beharko genioke lehenengo". Agirrezabalagak oposizioak " mozio horretaz baliatuz oposizioak informazioa desbideratu" nahi duela salatu du: "Euskal Herriko Kontu Auzitegiak salatutakoren aurrean beste aldera begiratu nahi duzue, informazioa kanalizatu". Era berean, Udal Gobernauak "egoera deskribatu besterik ez" duela egin nabarmendu du alkateak. Etxanizek, bere aldetik, webgunean "iritzi politikoak" jaso dituztela argitu du: "Ez dugu inor iraindu, gobernuaren izenean hitz egin dugu. Udal Gobernuaren iritziak lekua behar du webgunean, herritarrei informazio hori helarazi beharra dago". Bestalde, oposizioak "gaiaren funtsari ez" diola heldu nahi dio: "Ez dute eztabaidarako konpromisorik, ez baitute mezurik helarazteko".

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide