«Ez dut uste lehiatzera itzuliko naizenik»

Zestoako Hitza 2011ko mar. 3a, 07:30

Makuluak eskuan, azkar ibiltzen da Gorka Olaizola (Zestoa, 1990). Ohitu egin behar izan du, halabeharrez. Urte eta erdi dabil istripu malapartatu batek txikitu zion hanka osatu nahian. Bizikletaren gainean azkarragoa zen, eta etorkizun oparoa zeukan. Baina orain, beste asmo batzuk ditu; garrantzitsuena, hauxe: hanka ondo jartzea eguneroko bizitza egiteko. Zertan duzu lesioa? Abendu hasieran esan zidaten hankeko hezurra ez dela itsasten ari. Bartzelonan infekzioak-eta sendatzeko leku egokia dagoela aipatu zidaten, eta ea han asmatzen duten zerbait oraingoan. Nolakoa da tratamendu hori? Gaiztotuta dagoen hezurraren zatia kenduko didate, eta burdinak kanpotik jarriko dizkidate. Barrualdea hutsik geldituko da horrela, eta bertan masa antzeko bat sartuko didate, antibiotikoekin. Botika horrek birusa hiltzen du, eta gero, beste ebakuntza batean, hezurra luzatu egingo didate, beste hezurrarekin itsasteko. Apirilean egingo didate ebakuntza. Beste urtebeterako daukat. Nola izan zen erorketa? Atera eta pare bat kilometrora izan zen. Ziklista batek motor bat jo zuen, eta motorra abiatzeko prest zegoenez, martxan jarri zen. Nik kamio erdi-erdian aurkitu nuen motorra, eta bete-betean jo nuen. Besoa eta hanka hautsi nituen. Besoa bi hilabetean sendatu zitzaidan, baina hanka oraindik hor ari da, gerra ematen. Lehen denboraldia al zenuen hura afizionatuetan? Bai, hori da. Denboraldi bukaeran zen, abuztuan. Ondo ari al zinen sasoi [...]

Makuluak eskuan, azkar ibiltzen da Gorka Olaizola (Zestoa, 1990). Ohitu egin behar izan du, halabeharrez. Urte eta erdi dabil istripu malapartatu batek txikitu zion hanka osatu nahian. Bizikletaren gainean azkarragoa zen, eta etorkizun oparoa zeukan. Baina orain, beste asmo batzuk ditu; garrantzitsuena, hauxe: hanka ondo jartzea eguneroko bizitza egiteko.
Zertan duzu lesioa?
Abendu hasieran esan zidaten hankeko hezurra ez dela itsasten ari. Bartzelonan infekzioak-eta sendatzeko leku egokia dagoela aipatu zidaten, eta ea han asmatzen duten zerbait oraingoan.
Nolakoa da tratamendu hori?
Gaiztotuta dagoen hezurraren zatia kenduko didate, eta burdinak kanpotik jarriko dizkidate. Barrualdea hutsik geldituko da horrela, eta bertan masa antzeko bat sartuko didate, antibiotikoekin. Botika horrek birusa hiltzen du, eta gero, beste ebakuntza batean, hezurra luzatu egingo didate, beste hezurrarekin itsasteko. Apirilean egingo didate ebakuntza. Beste urtebeterako daukat.
Nola izan zen erorketa?
Atera eta pare bat kilometrora izan zen. Ziklista batek motor bat jo zuen, eta motorra abiatzeko prest zegoenez, martxan jarri zen. Nik kamio erdi-erdian aurkitu nuen motorra, eta bete-betean jo nuen. Besoa eta hanka hautsi nituen. Besoa bi hilabetean sendatu zitzaidan, baina hanka oraindik hor ari da, gerra ematen.
Lehen denboraldia al zenuen hura afizionatuetan?
Bai, hori da. Denboraldi bukaeran zen, abuztuan.
Ondo ari al zinen sasoi hartan?
Bueno, lehen urtea zenez, kosta egin zitzaidan maila berrira egokitzen, baina hasita nengoen moldatzen. Erorketa gertatu baino bi aste lehenago, bigarren egin nuen lasterketa batean, eta beste postu on batzuk ere lortu nituen. Baina gertatu zen gertatu zena, eta akabo.
Hantxe eten zitzaizun aurretik eginiko lan guztia, eta baita bide polita izan zitekeena ere.
Bueno, gero zer gertatuko zen ezin da jakin, baina ilusioz beteta nengoen. Dena dela, garbi daukat ez dudala horretan pentsatu behar.
Esatea erraza da, baina egitea…
Beste aukera batzuei heldu beharra dago halakoetan. Ikasketak hor dauzkat, eta aurrera begiratu behar dut.
Hasierako kolpea gogorra izango zen, ordea.
Sei hilabetean osatuko nintzela esan zidaten, eta hainbestean. Baina hezurra ez zela itsasten eta ez zela itsasten, abenduan esan zidaten Bartzelonan beste urtebeteko kontua daukadala. Orduan konturatu nintzen ez dela posible berriz lasterketatara itzultzea. Aurreneko lana da hanka ondo jartzea.
Jarriko al zaizu behar bezala?
Itxaropena ematen dizute, baina dudak ere baditut.
Burutik kendu duzu, hortaz. Ez zarela berriz ziklista izango uste duzu?
Lehen dudak neuzkan bueltatuz gero betiko mailara itzuliko nintzen edo ez, baina jarraitzeko itxaropenez nengoen. Taldean ere esan zidaten [Bidelan Kirolgi] lekua izango nuela gero ere. Baina hainbeste denbora eta gero, iruditzen zait ez naizela itzuliko lehiatzera; ez behintzat, lehen bezala. Denbora asko galdu dut, eta oso zaila da lehengo maila berreskuratzea.
Gogorra egin al zaizu hori onartzea?
Denborarekin onartzen joaten zara. Gogorragoa egiten zait egunero muletekin ibili behar hau. Kalerako ondo gelditzen bazait, konforme.
Zenbat ebakuntza gelditzen zaizkizu?
Azkeneko hau laugarrena izan da, eta beste bi gelditzen zaizkit, azken-azkena egin aurretik. Denera, zazpi egingo dizkidate min hartu nuenetik.
Istripua izan zenuenetik momentu txar asko igaroko zenituen. Nork lagundu dizu?
Lagunek, familiak, inguruko jendeak. Lagunekin kalera atera, afariak egin… Jendeak esaten dizu ondo zaudela, kalean ikusten zaituelako, baina ez da hain erraza.
Orain konturatu al zara badirela beste hainbat gauza ziklismoaz gain?
Bai, baina lehen ere konturatzen hasita nengoen. Bizikletan zabiltzanean arreta guztia horretan izaten duzu, ez diezu hainbeste denbora ematen. Orain, beste gauza horiei balio handia ematen diet.
Ziklistez esan ohi da oso berekoiak zaretela, laguntasun gutxi duzuela zuen artean. Istripuaren eraginez, azaldu al zaizu laguntasunik?
Ziklisten artean bai, asko lagundu didate batzuek. Taldeak ere asko lagundu dit. Baina federazioen jarrera bestelakoa izan da. Denean bezala da: asko espero duzun jendeak kale egiten dizu, eta gutxiago espero duzunengandik jasotzen duzu laguntza handia.
Burutik pasatu al zaizu beste kirolen batean hastea osatzen zarenean?
Ez. Lehendabizi erabat sendatu behar dut, eta gero gerokoak. Kirola egingo dudala zir nago, baina ez lehengo maila berean.

Pentsatu izan dut, gustatzen zait. Orain ez daukat denbora askorik, baina gerora uste dut zerbait egingo dudala.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide