Aian kontsumo taldea sortzeko lehen pausoak eman dituzte

Karkara.eus 2011ko martxoaren 2a

Taldearen berri jakiteko bileran 12 herritar izan ziren

Aian kontsumo taldea osatzeko interesik ba ote dagoen ikusi nahian lehenengo bilera egin dute. 12 herritar izan ziren otsailaren 28an egindako batzarrean, baita Elkanon baratza duten Luis Herran...

Taldearen berri jakiteko bileran 12 herritar izan ziren

Aian kontsumo taldea osatzeko interesik ba ote dagoen ikusi nahian lehenengo bilera egin dute. 12 herritar izan ziren otsailaren 28an egindako batzarrean, baita Elkanon baratza duten Luis Herrantz eta Xabier Lopez ere; oraingoz herritarren eskura barazkiak bakarrik jartzea da asmoa. Bestalde, bileran bazen kontsumo taldearen harira, jabetzan duen lurrak aukerarik emango lukeen ikusteko gerturatu zen aiarrik ere.

Kontsumo taldeari buruzko azalpenak eman zituzten EHNEko Pedro Alberdik eta Biolurreko Adrian Sanchezek. Besteak beste azaldu zuten kontsumo taldeen helburua ez dela erostea bakarrik. Oinarrian daude bi aldeen arteko konpromisoa,  beste ezaugarri batzuk ahaztu gabe: produktu ona, ez industrializatua, ekoizleak soldata duina ateratzekoa, bertakoa eta garaikoa; salmenta zuzena; egonkortasuna; parte hartze aktiboa… Horretaz gain, beste hainbat zehaztasun ere eman zituzten. Besteak beste produktuen banaketarako kontaktu zuzena ezinbestekoa dela eta horretarako leku publiko batean egitea litzatekeela egokiena; hilean kopuru bera ordaindu arren neguan udaran baino produktu gutxiago jasoko dituztela; gutxienez urtebeterako konpromisoa beharrezkoa dela; bilerak hilero egingo dituztela; balitekeela pixkanaka beste produktu batzuk gehitzea, une zehatzetan bada ere; eta, garrantzitsuena, kontsumo taldearen filosofia barneratuta izan behar dutela parte hartzaileek.

Hurrengo bilera martxoaren 16an 18:30ean egingo dute Aiako kultur etxean eta bertan ikusiko dute lehen batzarrean izan zirenak konpromisoa hartzeko prest dauden. Bien bitartean ziur badira taldean parte hartu nahi dutenak eta izena eman dezakete mudi.este@gmail.com helbidera idatzita. Lehen bileran bertan Mudi Esteberenak aipatu zuen Aiako taldeak hasierako pausoak baino ez dituela eman, eta, horregatik, hain zuzen ere, taldea handitzeko deialdia ez da zabalduko oraindik, hurrengo bileran zenbateko interes dagoen ikusi arte.

 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide