Eneko Otaño: «Aukera ber-berak daude galtzeko eta irabazteko»

Urola Kostako Hitza 2011ko martxoaren 2a

Olatz Prat Beizama Eneko Otañok (Beizama, 1994) Euskal Herriko Binakako Aizkora Txapelketa irabazi du, gaztetxoen mailan Mikel Zabaleta leitzarrarekin batera. Eloy Kortxeroren eta Iker Vicenteren aurka lehiatu, eta nagusi izan ziren proba guztietan. 11 minutu eta 15 segundo behar izan zituzten lana amaitzeko (12 minutu eta 41 segundo aurkariek). Emaitzarekin «gustura» da beizamarra. Euskal Herriko binakako txapelketa irabazterik espero al zenuen? Ez nuen espero, ez, beti joaten zara irabazteko ilusioarekin baina, onartuta, aukera ber-berak daudela galtzeko eta irabazteko. Zer sentitu zenuen txapela zeurea zela ikustean? Oso sentsazio ona izan zen, poza sentitu nuen. Esperientzia ona izan zen benetan. Alboan duzunarekin ondo moldatzea garrantzitsua izango da irabazteko, ezta? Bai, oso ondo konpondu gara, taldekoek asko lagundu didate eta ondo joan zaigu. Zabaletak eta biok elkarrekin entrenatu dugu eta lana ondo egin dugu. Nola ikusi duzu zeure burua txapelketan? Ondo ikusi dut, ez zen txapelketan aritzen nintzen lehen aldia, baina bai finalera iristen nintzen lehena. Ondo ibili naiz, eta bikotea ere egokia nuen irabazteko. Lau modalitatetara ebaki behar izan zenituzten enborrak. Non ibili zinen erosoen? Bada, bikoteka hiru kana-erdikoan, ni azaletik eta bera barrutik ebakitzerakoan eroso ibili ginen, egia esan. Besteetan ere ondo, baina, hortxe ibili ginen ondoen. Ikaslea izanik, nola uztartzen dituzu ikasketak eta kirola? Goizetan joaten naiz eskolara eta arratsaldetan entrenamenduak egiten ditut. Astean pare bat edo hiru entrenamendu egiten ditut eta mendira ere joaten naiz, ondo egon behar da beti. Entrenamenduetan aitak eta herriko lagun batek laguntzen didate. Noiz hasi zinen aizkoran eta, zergatik? Serio entrenatzen duela urte eta erdi inguru hasi nitzen. Etxean betidanik ikusi izan dut aizkora, aita ere gaztetan ibilia zen, soldaduskara joan aurretik, eta familian ere bada zaletasunik. Gustuko kirola dut aizkolaritza. Horrelako txapelketak irabazteak zabalduko ditu ateak, ezta? Bai, noski, beti zabaltzen dira ateak. Baita plazak ere; izan ere, aurrena bazaude, beti errazago deitzen dizute saioak egitera joateko. Etorkizunera begira zer asmo dituzu? Bada, horrelaxe jarraitzea,lanean, hurrengoa ere irabazten saiatzea eta pausoz pauso aurrera egiten joatea.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide