Miguel Lekuona argazkilari irundarrak ehiztari jarrera hartzen du bere jardunean. Begiratuz eta behatuz, errealitatea aurkezteko momentuak edota moduak ikusten ditu, eta ondorioz bere argazkietan jasotzen ditu. Argazki horiek, Topaketak izenburupean, Zarauzko Photomuseum Argazki eta Zinema museoan jarri dituzte erakusgai; atzo ireki zuten erakusketa eta datorren apirilaren 17a a arte bisitatu ahal izango da. Erakusketa hiru argazki sortetan edo ataletan banatuta dago. Lehenengoan, testuinguru naturalean edo ohiko jardunean ari diren pertsonak ageri dira; bigarrenean, hiriko irudiek eta sinbologia erlijiosoa duten egoerak; eta hirugarrenean, natura eta paisaia.