Gipuzkoako Foru aldundiak sustatutako ekimen baten ondorioz, Zarauzko herritarrek, Elgoibarkoekin, Oñatikoekin eta Zegamakoekin batera, eguzki plakak emakidan hartu ahalko dituzte. Eta, bide batez, haiek sortutako energia saltzetik lortutako etekinaren zati bat eurentzat izango da.
Plakak eraikin publikoetan jarri dituzte, eta jada martxan dira. Zarauztarrek 800 euroren truke erosi ahalko dituzte, 25 urterako. ”Ingurumenari mesede egiteaz gain, errentagarria izango zaie”, adierazi du Garapen Iraunkorreko dipututu Carlos Ormazabalek. 600.000 euroko inbertsioa egin du Aldundiak, eta hamar urtean amortizatuko delakoan da, plakek urteko 62.000 euroko irabaziak ematea aurreikusi baitute, prima energetikoaren bidetik.
Datozen astetan zehaztuko dituzte xehetasunak, arduradunak herriz herri joango baitira ekimenaren nondik norakoak azalduz.