Berdel arrantzaren argazki galeria

Getariako Hitza 2011ko martxoaren 1a

Esperantza dut gaur nahikoa arrain arrantzatuko dugun. Aurreikuspenak onak dira eta printzipioz ez genuke arazorik izango behar adina berdel harrapatzeko». Bi egun portuan eman ostean, Mater Bi itsasontziko gizonak amorratzen ari dira itsasoratzeko, eguneko tokatzen zaizkien 8.000 kilo berdel harrapatzeko, behinik behin. Sarea jaso ondoren abiatu da ontzia itsaso zabalera. Tripulazioa bere postuetan dago, Isidro Etxegoien eta haren iloba Eneko aginte kabinan. Bidean, itsasgizonek badute zeregina: sarea botatzen dutenerako guztia prest izatea. Hamabost lagunek osatzen dute Mater Bi-ko eskifaia: lau senegaldar, Kantabriako bi lagun, bi bizkaitar, zumaiar bat, mutrikuar bat, oriotar bat , bi zarauztar eta bi getariar. Azken biak lehenengo eta bigarren patroia dira, Isidro eta Eneko, hurrenez hurren. Portua atzean utzi bezain laster, hiru bat ontzi ageri dira ortzemugan, jada sareak botata. Ez da larritzekoa, ordea. Izan ere, itsasontziok koadrilakoak dira, sozioak. «Sei ontzi gara koadrilan: San Prudentzio, Patxiku, Pedro Jose, bi Irigoien eta Mater Bi. Bakoitzak geure lana burutzen dugu, hau da, sareak bota eta arrantza egiten dugu. Batzuetan, ordea, ezustekoak medio, ez da posible izaten behar adina berdel harrapatzea. Kasu horretan, batzuen ontziek arrantzatutakoarekin osatzen dugu besteen biltegia». Sistema horri esker, koadrilako sei ontziek bermatzen dute «eguneko jornala» . Era berean, ez dute neurri gabeko arrantza [...]

Berdelaren arrantza IMG_9702 IMG_9679 IMG_9780 IMG_9764 IMG_9865 IMG_9863 IMG_9854 IMG_9929 IMG_9914 IMG_9892 IMG_9942 IMG_9950 IMG_9948 IMG_9621 IMG_9610 IMG_9590 IMG_9543

Esperantza dut gaur nahikoa arrain arrantzatuko dugun. Aurreikuspenak onak dira eta printzipioz ez genuke arazorik izango behar adina berdel harrapatzeko». Bi egun portuan eman ostean, Mater Bi itsasontziko gizonak amorratzen ari dira itsasoratzeko, eguneko tokatzen zaizkien 8.000 kilo berdel harrapatzeko, behinik behin. Sarea jaso ondoren abiatu da ontzia itsaso zabalera. Tripulazioa bere postuetan dago, Isidro Etxegoien eta haren iloba Eneko aginte kabinan. Bidean, itsasgizonek badute zeregina: sarea botatzen dutenerako guztia prest izatea. Hamabost lagunek osatzen dute Mater Bi-ko eskifaia: lau senegaldar, Kantabriako bi lagun, bi bizkaitar, zumaiar bat, mutrikuar bat, oriotar bat , bi zarauztar eta bi getariar. Azken biak lehenengo eta bigarren patroia dira, Isidro eta Eneko, hurrenez hurren.
Portua atzean utzi bezain laster, hiru bat ontzi ageri dira ortzemugan, jada sareak botata. Ez da larritzekoa, ordea. Izan ere, itsasontziok koadrilakoak dira, sozioak. «Sei ontzi gara koadrilan: San Prudentzio, Patxiku, Pedro Jose, bi Irigoien eta Mater Bi. Bakoitzak geure lana burutzen dugu, hau da, sareak bota eta arrantza egiten dugu. Batzuetan, ordea, ezustekoak medio, ez da posible izaten behar adina berdel harrapatzea. Kasu horretan, batzuen ontziek arrantzatutakoarekin osatzen dugu besteen biltegia».
Sistema horri esker, koadrilako sei ontziek bermatzen dute «eguneko jornala» . Era berean, ez dute neurri gabeko arrantza burutzen, jasangarritasuna errespetatuz: «Hala, guk ez diogu hainbeste min egiten itsasoari. Dagokiguna baino gehiago arrantzatzen badugu, koadrilakideen artean banatzen dugu eta osatu egiten gara. Hori egin ostean, soberan dugun berdel kopurua berriro itsasora bueltatzen dugu, bizirik dagoela».
Etxegoienik aingura bota du 3,3 milara iritsita (bost kilometro inguru). «Arraina!» oihukatu du patroiak. Hori entzun bezain laster, sarea askatu dute itsasgizonek. Etxegoienek radarrak berdel bankoa ontziaren azpikaldean dagoela markatzen duela jakinarazi dio eskifaiari. Ahal bezain laster bota dute sarea. «Egun ditugun aurrerapen teknologikoei esker, hamabost minutu nahikoa dira arraina sarean sartzeko», adierazi du Eneko Etxegoienek. Tentsioa areagotzen doa minutuak aurrera egin ahala: «Radarrak markatzen duena arraina bada, 20.000 kilo inguru eskuratuko ditugu. Eta hala bada, gaurkoz lanaldia amaitutzat emango dugu».
Hala ere, ezin dela fiatu dio Enekok, «askotan markatzen duena ez baita arraina izaten, korrienteburuak baizik». Horren harira, pasa den astean gertatutakoa ekarri du gogora: «Radarrak arrain kantitate handia zegoela markatu zuen. Sarea bota genuen, baina kale! Korrienteburuak ziren ontziaren azpian zeudenak, 800 kilo berdel besterik ez zegoen. Galdutako eguna izan zen hura». «Gaurkoa berdela izatea espero dut, bestela ederra desiluzioa eramango duguna!», adierazi du patroi gazteak.
Lege berriarekin ados
Europako Batasunak arrantza kuota jaitsi izanak ez du haserrarazi Isidro Etxegoien. Arau berriaren arabera, ontzi bakoitzak eguneko 8.000 kilo berdel harrapatu ditzake gehienez, eta iazko 18.000 kiloekin alderatuta, beherakada nabarmena da. Etxegoienek «alde onari» erreparatu dio, ordea: «Guretzat abantaila da egunean 8.000 kilo soilik arrantzatu ahal izatea. Horri esker, berdela garestiago saltzeko aukera izaten dugu. Lehen kopuru handia arrantzatzen genuenez, merke saltzen genuen; berdel bakoitza 40-60 zentimo inguruan. Orain, ordea, pieza bakoitzak euro inguru balio du, eta arraineko 40 zentimo gehiago eskuratzea asko da guretzat».
17.000 kilo inguru
Ordu laurdena igarota, berdela haztegian jasotzeko garaia iritsi da. Hala, itsasgizon guztien artean sarea itsasontzira hurbildu ostean, tutu malgua bertan sartu eta haztegira bideratu dute berdela. Prozesua amaitu bitartean, itsasgizon batek haztegian sartzen den arrain kopurua neurtzen du, makila luze batez baliatuz. 17.000 kilo inguru berdel arrantzatu dituztela jakinarazi die bi patroiei.
«Gaur zorte ona izan dugu, segituan aurkitu dugu arrain banko mardula. Hau ez da oso ohikoa izaten», nabarmendu du patroi gazteak: «Hala izango balitz, guztiok izango ginateke arrantzaleak!».
Irratiz komunikatu diete gainontzeko koadrilakideei berria. «Pedro Jose ontziak hiru kuota arrantzatu ditu eta guk, berriz, bi eta koska. Patxiku-k kale egin du, sarea hautsi baitzaio», dio Etxegoienek. Kalkuluak egin ostean, San Prudentzio-ko patroiari sarerik ez botatzeko esan dio: «Jada arrantzatu dugu sei ontzirentzako adina berdel».
Gauerdira arte
Porturatu baino lehen, koadrilakideen zatia gorde ostean soberan geratu zaien berdel kantitatea Hondarribiko Berriz Matutina itsasontziari eman diote. «Ez da koadrilako ontzia, baina aspaldiko lagunak gara», dio patroi nagusiak. Behin lan hori amaituta, Getariako lonjaren parean atrakatu du Mater Bi ontziak. Ordurako hainbat handizkari edo maiorista daude zain kaian, salmentarekin hasteko.
Motorrak geldiarazi orduko,berdelez betetako kaxa bat hartu eta lonjara eraman dute Mater Bi-ko patroiek, salmentarekin hastearren. «Enkantetan egiten den moduan saltzen da arraina, baina alderantziz. 1,8 eurotan jartzen da berdelaren prezio altuena eta prezio hori jaisten joaten da, erosle batek botoia sakatzen duen arte», jakinarazi du Eneko Etxegoienek. Irizabalek markagailua 1,085era iristean geldiarazi du. Tratua eginda, arrandegietara bideratuko dute berdela jarraian, «bospasei eurotan» saltzeko. «Horrela funtzionatzen du negozioak, horrela».

Belaunaldiz belaunaldi, tradizioari eutsi nahian

«Ez da erraza arrantzale tradizioari eustea. Egun gazteek beste interesak dituzte». Isidro Etxegoien kezkatuta dago gai horrekin. «Guk, euskaldunok, gogorrak eta egozkorrak izanik, arrantzatzeari eusten ez badiogu, jai daukagu». «Esperantza bakarra» iloba duela dio Mater Bi-ko lehenengo patroiak.
«Alabak auditoria batean egiten du lan, eta seme gazteak, itsasontziko makinen arduradun izateko titulua badu ere, itsasoan lan egiteari muzin egin dio», azaldu du Etxegoienek . «Eneko izango da usadioari eutsiko dion senitarteko bakarra».
Hiru anaietatik bakarra
Isidro hamabost urterekin hasi zen aitarekin lanean itsasontzian. Ordutik 38 urte igaro dira. «Familiatik datorkigu arrantzale tradizioa. Duela zortzi urte erosi genuen Mater Bi ontzia nik eta Joxe Mari eta Paulo anaiek; aurrez beste bat geneukan». Isidroren anaiak jada erretiratuta daude, eta bera da arrantzan jarraitzen duen bakarra. Hala ere, Enekoren aita Joxe Mari, itsasoratzen ez den arren, itsasontzia porturatzen denerako bertan izaten da, bentan laguntzeko prest. «Ezin guztiz erretiratu» dio.
Eneko, hurrengo patroi
«Eneko duela zortzi urte hasi zen itsasoratzen, 2003an hain zuzen. Egun itsasontziko bigarren patroia da, eta laster bera izango da ontziaren ardura bere gain hartuko duena». Izan ere, Isidro urte batzuren buruan erretiratuko da.
Enekok jarraituko dio familiako usadioari, «baina berak bakarrik?». Haren aita etorkizunari begira dudatsu ageri da: «Semeak jarraituko du, hori ziur, baina bakarrik izango da Mater Bi-ren lema; ez dago beste inor».

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide