Azken asteotan, Zestoako ezker abertzalea herri programa lantzeko dinamikan buru-belarri aritu da. Herri gaiak sei arlotan banatu dituzte: kirola, ingurugiroa, zerbitzuak, kultura, gizarte gaiak eta turismoa eta merkataritza. Arlo bakoitzarekin eztabaida guneak eta taldeak sortu dituzte eta diagnosiak egin dituzte, arlo bakoitzeko gabeziak identifikatu eta lehentasunak markatzearekin bat.
“Hasiera-hasieratik saiatu gara herri programaren lanketa ahalik eta parte-hartzaileena egiten” adierazi dute ezker abertzaleko kideek; topagune horietan, 30-40 lagunek parte hartu dute. Parte-hartze hori kezkak mahai gainean jarri eta ideiak elkarbanatuz gauzatu da. Ezker abertzaleak adierazi duenez, jasotako informazio hori izango da hauteskundeetarako proposamenaren oinarri.
Ezker abertzalearen iritziz, “bizi dugun momentu historiko honetan, behar-beharrezkoa ikusten du ezker abertzaleak instituzioetan egotea”. Horregatik, Zestoako ezker abertzaleak “beharrezko” ikusten du Udalean egotea ere eta helburu horrekin ari dira herri-programa eratzen. “Herritar orori egiten diogu dei parte-hartze zuzena izan dezan herri programa honen osaketan, zure ahotsa izango baita gure hitza”.