Urola Kostan Ekin izeneko lehiaketa bere laugarren deialdira iritsi da aurten. Urola Kostako Udal Elkarteak antolatzen duen enpresa ideien sariketa honek «kultura ekintzailea bultzatu» nahi du eskualdean. Parte-hartzaileentzat pizgarri moduan, gainera, aurreko urteetan baino sari handiagoak emango dituzte.
Lehen sariak 2.000 euro
Udal Elkarteak «enpresa-ideia berritzaile eta originalenak sarituko» ditu. Horrekin, enpresari gazteak animatzeaz gain, «ekintzaileen artean sormena eta berrikuntza landu» nahi ditu.
Lehiaketaren lehen atalean, jadanik sortuta dauden edo eratzear dauden enpresak sarituko dituzte. Atal honetan hiru sari emango dituzte: irabazleak 2.000 euro jasoko du, bigarrenak 1.500 euro eta hirugarrenak 1.000 euro. Horrez gain, garaikurra eta diploma ere eskuratuko dituzte. Bigarren atalean, ikastetxeetako ikasleen enpresa ideiak sarituko dira.
Lanak aurkezteko azken eguna apirilaren 15a izango da. Datu gehiago www.urolakosta.org webgunean dago.
Ohorezko aipamena
Lehiaketak lehen aldiz aurreikusi du ohorezko aipamena egiteko aukera. Eskualdean jarduera ezarritua duen enpresa edo erakundeak sartu dituzte sail honetan.