Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Beñat Lizeaga zumaiar gaztea atxilotu zuen atzo 15:30ak aldera Frantziako Poliziak Donibane Garazin. Horren harira, atzo bertan manifestazio zaratatsua egin zuen hainbat herritarrek Zumaian bertan. 120 lagun elkartu zirela adierazi dute antolatzaileek. Datozen egunetan ere protestekin jarraituko dute: gaur 19:30ean Kofradia aurrean batzar informatiboa egingo dute; bihar 19:30ean kotxe-karabana abiatuko da toki beretik; ostegunean 19:30ean elkarretaratzea egingo dute Magnolio aurrean; eta, ostiralean, 20:15ean manifestazioa egingo dute Kofradiatik abiatuta eta Euroagindurik ez, entregarik ez lelopean.
Lizeagarekin batera atzeman zuten Aitziber Plazaola bergararra. Goizean, berriz, Bergoi Madernaz eta Aiala Zaldibar gasteiztarrak atxilotu zituzten Baionan. Lizeagaren gertukoen arabera, Baionako komisaldegian da zumaiarra, eta gaur bertan eramango dute epailearen aurrera. 17:00ak aldera izango omen da hori, bere gertukoen esanetan.
Atzo atxilotutako lau gazteak, beste lau lagunekin batera itxialdian egon dira hainbat egunetan Behe Nafarroako Izpura herrian. Segi gazte mugimenduaren aurkako polizia operazioaren harira, Ipar Euskal Herrira ihes eginak ziren gazteak duela zenbait hilabete, eta prentsaurreko bidez eman zituzten itxialdia egiteko arrazoiak joan den astean. Atxilotuak izateko eta euroaginduaren bidez Espainiaratuak izateko arriskuan zeudela esan zuten.
Astebete igaro ostean, itxialdia utzi eta Ipar Euskal Herriko hautetsien etxeetan sartu ziren, hainbat hautetsiren gonbidapena onartuta.
Zortzi gazteen egoeraren harira, hainbat herritarrek mobilizazioak egin dituzte azken egunetan, Zumaian bertan zein Izpuran.