Zumaiako Udal Gobernua ez dago egoera samurrean, oposizioak atzera bota baitizkio 2011ko aurrekontuak. Bihar, Konbentuan egingo duten bilera irekian, azalpenak emango dizkiete herritarrei, 20:00etan.
Ez da batere ohikoa aurrekontuak ez direlako onartu herritarrak informatzeko bilerara deitzea. Agerian uzten du egoeraren larritasuna. Zer esango duzue bertan?
Aurrekontu parte-hartzaileen prozesua ez da amaitzen aurrekontuak aurkezten direnean, udalbatzarretik pasatu ondoren ere herritarrei azalpen bat zor zaie. Orain arte egindako lanari ateak itxi dizkiote inolako arrazoi zentzudunik gabe eta beste urrats batzuk emanda saiatuko gara irekitzen. Udala herritarrengana gerturatzen saiatu gara eta deialdi hau horren erakusgarri da. Herritarrek beren balorazioa egiteko aukera behar dute.
Zein izango da Udal Gobernuaren mezua?
Aurrekontuak lantzean herritarrek eskatutako irizpideak eta lan-ildoak nola txertatu diren azalduko da batetik, eta, bestetik, aurrekontuak onartu ez izanak nolako ondorioak dituen esango dugu.
Oposizioarekin negoziatu al duzue?
Oposizioarekin lan estua egin dugu eta haien ideia asko barneratu dugu. Onartzeko moduko aurrekontua zela zioten, baina azken momentuan iruzurra egin digute guri eta herritarrei.
Oposizioan dauden EAJren eta PSE-EEren esanetan, ordea, «inbertsioetarako ez dago dirurik», eta horregatik azaldu dira aurka.
Oso xelebrea da PSE-EErekin gertatu zaiguna. Negoziazio bileretan esaten ziguten inbertsioei dagokien kapituluak 0-an edo dirurik gabe egon behar zuela, krisi garaiari hori dagokiolako. Hori entzutean, guk, aurreikusita genituen inbertsio batzuk kendu egin genituen akordiora iristeko. Eta orain, inbertsioak eskatu dituzte! Orduan, zertan ibili dira negoziazioetan? Gu erabat harrituta gaude haien jokabidearekin. Hemen hitza dugu lantresna eta erakutsi dute beraientzat hitzak ez duela baliorik.
Bozketaren ondoren, PSE-EErekin hitz egin al duzue hontaz?
Udalbatzarraren ondoren egon ginen. Lan asko eginda zegoela esan genien, eta bizpahiru astetan negoziaketekin jarraituta, akordiora iristea proposatu genien. Hau erantzun ziguten: «Hauteskundeetarako hiru hilabete falta dira eta ez du merezi». Argi utzi ziguten hauteskundeei begira daudela, ez herriari begira.
Eta EAJrekin zer gertatu da?
Hitz egin dugu, baina ez da negoziaketa formalik ireki. Elkarrekiko urrun gaude aurrekontuen oinarrietan, eta beste alderdiekin negoziatzea praktikoagoa iruditu zitzaigun, hurbilago daudelako.
Zergatik zaudete urrun?
Esaterako, Udaleko pertsonalari dagokion atalean daude ezberdintasunak. Udalera sartu
ginenean langileen gastuak aurrekontu osoaren %17 soilik hartzen zuen, orain %24 da. Kontuan hartu, Gipuzkoako udaletan, batez bestekoa %30 dela. EAJ zegoenean enpresa pribatuei ematen zitzaien lana, ez ziren funtzionario publikoak indartzen. Guretzat hori da norabidea.
Eta zerbait hobetu al du horrek?
Bai, Udaleko langile taldea indartu egin da: idazkaritzan langile gehiago dago, hirigintzan ere bai, Ludotekako langileak orain Udalekoak dira eta beste zerbitzuak ematen ditu... Hori da norabidea. EAJk urteotan ez digu inongo laguntzarik eskaini eta aurrekontu hauekin ere berdin gertatu da. Gogoan dut nola EAJk Udala utzi zuenean, ordenagailuak formateatuta eta hutsik utzi zizkigutela, eta ez ziguten inongo informaziorik eman transizio politikoa ondo egiteko.
Pili Etxabe zinegotzi independenteak ere aurka bozkatu zuen.
Etxabek bi proposamen egin ditu, eta biak sartu ditugu aurrekontuetan, bere abstentzioa lotuta izateko. Eurek jarritako baldintzak bete ditu Udal Gobernuak, eta hala ere kontra bozkatu dute. Ez dute euren hitza bete.
Gobernua gutxiengoan egonda derrigortuta zaudete oposizioaren botoak lortzera, baina ez duzue lortu. Autokritikarik egin al duzue?
Akatsen bat egin badugu, beste alderdiek udalbatzarrean zein boto emango zuten aurrez ondo jakin gabe joatea izan da. Saiatu ginen jakiten, baina ez ziguten argitu nahi izan aldez aurretik.
Azkenean, 2009ko aurekontuak luzatu dira.
Baina ez du zentzurik. Izan ere, 2009ko aurrekontuek baino adostasun gehiago dute 2011rako prestatu ditugunek. Bai herritarren aldetik bai politikoki ere. 2009an, gehiengoa zuen Gobernuak, eta ez genituen hainbeste negoziatu.
Herritarrei zertan eragingo diete orain dela bi urteko kontuek?
Udalaren egoera ekonomikoa kaxkartu egiten du honek, finantza oreka ez baitu lortzen 2009ko neurrian. Bestalde, gizarte zerbitzuetarako aurreikusita zeuden kontratazio batzuk ezingo dira egin. Horrez gain, Berdintasun Sailak ez du aurrekontu propiorik izango, Kirol Patronatua gelditu egingo du... Horrek guztiak herritarrei egiten die kalte. Eta Udal Gobernua kaltetzeko asmoa ere izan dute. Saiatuko gara kalteak saihesten, baina horrek berriz diru partidak aztertzea eskatzen du. Lan bera bi aldiz egitera behartu gaituzte.
EAJk hau esan du: «Inbertsiorik ez dagoenez, herritarrei ez die kalterik egingo». Zu ez zaude ados, beraz?
Ez nago ados, herritarrei ematen zaizkien zerbitzuak adreilua eta ormigoia baino zerbait gehiago baitira. Aipatzen duten inbertsio hori gizarte, hezkuntza eta kultura zerbitzuetan ere egin daiteke eta hala egin dugu.
Bi urtez aurrekontuak adostu gabe gelditu ondoren, herritar askok pentsa dezake herriko politikariak arduragabeak zaretela.
Egia esan, arduragabe jokatzen ari direla edo garela pentsatzeko arrazoiak badaude. PSE-EEn dago gakoa. EAk eta ezker abertzaleak gobernatzen duten Udalak PSE-EErekin batera aurrekontuak onartzea, politikoki, oso irudi indartsua da. Baina, norbaitek gelditzeko agindua eman die, eta esan die hori ezin dela oparitu hauteskunde bezperetan.
Puri-purian dago Herri Kontuen Auzitegiak ebatzitakoa ere: Esarbe zuzenean kontratatu izana irregularra dela dio. EAJ zegoen orduan Gobernuan, baina erabakiak «aho batez» hartu direla argudiatu du. Nolatan ez zen ezertaz ohartu ezker abertzalea?
Proposamen hori EAJk ekarri zuen, eta hura zen proposamena zuzena zela ziurtatu behar zuena. Horrez gain, idazkaria da legalki guztia ondo egiten dela bermatu behar duena, eta hark ez zuen ezer esaten.Horregatik, 1992an, ezker abertzaleari ez zitzaion otu proposamen hura irregularra izan zitekeenik. Eredu berri hura ekarri eta hirigintza proiektuak enpresa pribatuaren esku utzi zituena [Rikardo Peña] gero Esarben hasi zen lanean
Publizitate eta parte-hartze printzipioak urratu direla dio txostenak. Arauak zer ezartzen du?
Gaur egun, gehienez sei urtez mantendu daiteke horrelako kontratu bat; hiru urtez lehenbizi eta beste hiru luzatuz gero. Zehazki ez dakit, baina garai hartan ere antzeko epeak izango ziren. Esarbek, ordea, inolako lehiaketarik egin gabe 18 urtez iraun zuen. Guk prozedura hauen susmoa hartzen hasi ginenean salatu genuen, 2003-2007 agintaldian.
Auditoria horrek ez zuen begiratzen Esarbe modu irregularrean kontratatzen ote zen; auditoriak soilik urteko kontuei begiratzen zien. EAJ dena nahasten ari
da, ezer argitu gabe. Hipopotamoarena egiten ari dira: haiek sortutako kaka, buztanarekin astindu, eta guztioi aurpegira bota nahi
digute. EAJk badaki zer egin duen, baina ezin du aitortu. Eta iruditzen zaigu gaiaren mamia estali nahian dabilela. Mezuari heldu gabe, mezulariaren kontra ari da.