Ekain Fundazioak, Ekaingo altxorrak gizarteratzeko bidean pauso bat gehiago emanez, gaur goizean ezagutzera eman du 2009an Jesus Altuna arkeologoak zuzendutako indusketetan aurkitutako pieza garrantzitsua: behi azienda handi baten saihets-hezurrean landua dagoen hegazti baten ingerada ebakia. Hezur horren albo-alboan agertu zen beste hezur txikiago baten datazioaren arabera, 13.862 urte ditu piezak, 129 urte gora-behera, Madalein Erdikoa da, beraz; gaiotan eskarmentu handia duen Suediako Uppsala unibertsitatean egin dute datazioa.

Pieza berezia da hainbat arrazoigatik. alde batetik, garai horretako ingerada ebaki gehienak Pirinioen Iparraldeko aztarnategietan azaltzen dira, eta askoz gutxiago Kantaurialdean. Bestalde, hegazti baten irudikapena da eta Jesus Altunak adierazi duenez, Europan agertzen den lehena da. “Agertu diren garai horretako piezak makrougaztuneneak izan ohi dira, zaldiak, bisonteak eta abar, horiek 50 metro edo gutxiagora izan zitzaketen, behatu eta ondo ezagutzen zituzten. Baina, hegaztiak handik hona dabiltza eta zailagoa da horiek ikustea eta ezagutzea”. Hegazti itxura izatea, beraz, berezia da alde horretatik ere.
Azkenik, hegaztia irudikatzeko erabili zuten perspektiba ere bitxia da, perskektiba okertua erabili baitzuten. Burua albotik ikusita azaltzen da, alde banata, ezker aldea eta eskuinekoa, animalia bi zati simetrikotan banatzen duen plano sagitalaren arebera. Gorputza, ordea, goitik edo behetik ikus daiteke plano frontal baten arabera eta modu horretan bakarrik ikus daitezke bi hegalak batera. Irudia ez da simetrikoa saihets-hezurraren bi aldeetan, ezkerraldea eta eskuinaldea agertu beharrean, bizkarraldea eta sabelaldea irudikatzen baitira. Horrela irudikatu izanaren arrazoi posiblea azaldu du Altunak: “hegan doan hegaztiaren zabalera bere altuera baino handiagoa da eta zabalera hori ez da sartzen saihets-hezur baten zabaleran”.
Erreplika egin bitartean
Ekainberri Fundazioak piezaren erreplika egin eta ikusgai jartzeko prozedura abiatu du. Dena den, erreplika hori egin arte Ekainberri Museoan piezaren 360º-tako irudiak biltzen dituen bideoa, eskuorriak eta panelak ipiniko dituzte. Udararako erreplika erakusgai izatea espero dute.