Ezker abertzaleak herri programa osatzen parte hartzeko deia egin du

Karkara.eus 2011ko otsailaren 25a

Herritarren artean inkesta zabalduko dute iritziak eta ekarpenak jasotzeko

Udal hauteskundeak gero eta hurbilago daudenez, Orioko ezker abertzaleak etorkizuneko herriko erronkei erantzuteko ezinbestekotzat jo du gaur egungo egoeraren diagnosia egitea...

Herritarren artean inkesta zabalduko dute iritziak eta ekarpenak jasotzeko

Udal hauteskundeak gero eta hurbilago daudenez, Orioko ezker abertzaleak etorkizuneko herriko erronkei erantzuteko ezinbestekotzat jo du gaur egungo egoeraren diagnosia egitea. Horretarako, herriko eragileekin eta herritarrekin hausnarketa bateratua egiteko beharra sumatu dute. Horren berri prentsaren aurrean jakinarazi dute asteon.

Udal politika eta batzordeen eraketaren harira  Udalaren eta herritarren arteko komunikazioari eta herritarren partaidetzari garrantzia eman diote. Horri buruz honako gogoeta egin du ezker abertzaleak: EAJk bideratzen duen Udal honek, bereziki alkateak, herritarraren partaidetza eta iritziak ez ditu kontuan hartu eta hainbat ataletan herritarrengandik asko urrutiratu da. Adibidez, aurrekontuak eztabaidatzeko prozesurik eza, EAJk bideratzen duen  festa-eredua, herritarren arteko ezberdintasun gero eta nabariagoak...

Partaidetzari garrantzia emateaz gain, herriaren azterketa arloz arlo landu dute eta hainbat datu plazaratu:

  • Hirigintza

Orion guztira 2.418 etxe daude eta horietatik hutsak 486.  Munto eremuan eta Dike inguruan etxebizitza gehiago eraikiko direla kontuan hartuz, etxebizitza politikaren azterketa sakona behar-beharrezkoa dela pentsatzen dugu. Horretarako,  herritarren beharrak, etxebizitzen egoera, alokairua edo etxebizitza babestuak gisako aukerei erreparatzea ezinbestekotzat jo dute.

  • Zaborrak

Herriko %20ak soilik birziklatzen du bere borondatez; azken urteotan hondakinen tasak 64 eurotik 130era igo dituzte, eta igotzeko aurreikuspena egin dute errausketaren alde diharduen hondakinen kontsortzioak. Edukiontzien sistema ez da hondakinak birziklatzeko modu eraginkorrena.

  • Sozioekonomia
  1. Langabezia: Guztira 319 pertsona dira 2010eko irailean kontatu diren langabetuak. 5259  biztanletik 3.642 pertsona daude lan adinean  eta  horietatik 2010eko irailean 319 ziren langabezian ofizialki izena emandakoak. Hala ere erregistratu gabe langabezian daudenak gehiago direla uste du ezker abertzaleak. Urola Kostako mankomunitateak aurtengo aurrekontuan langabeziari aurre egiteko diru partida murriztu egin du eta hainbat formakuntza eta gizarteratze proiektu bertan behera geratu dira. 
  2. Ongizatea: Urtean 3 edo 4 batzorde bakarrik egiten direla eta herritarrak zerbitzu honi buruz jasotzen duten informazioa oso urria dela uste dute. Atea itxita, errotulurik gabe, dago Gizarte Ongizateko bulegoa. Gaur egun, 23 adineko daude egoitzetan, eta ezinbesteko ikusten dute Orion egoitza bat egitea. Gizarte ongizateko pobrezia alorreko laguntzak jasotzeko tramitazio modua ere ez zaie egokia iruditzen. Bai herritarrek baita etorkinek ere zailtasun handiak dituzte tramitazio hauek egitean eta askotan laguntza eskatzera, Caritas eta norbanako bolondresengana jo behar izaten dute. 
  3. Lehenengo sektorea: Orioko baserrien azterketa egin ondoren, 46 baserrietatik 6 besterik ez dira nekazaritza kudeaketatik bizi: 4 nekazal-turismotik eta gainontzekoek nekazaritza bigarren mailako diru-iturri bezala dutela. Arrantzan zazpi itsasontzi eta saregile-koadrila finkoa  daude. Hala ere, arloa sustatzeko kofradia-berria eraiki egin da. Dena den, Udalak ez ditu nekazal-arrantza diru partidarik eta oso zaila da sustapena egitea.
  4. Bigarren sektorea: 11 enpresa daude herrian. Aizperro industria gunea bideratzen ari den arren, krisi-ekomomikoa dela medio, proiektua in-pass batean dago.
  5.  Hirugarren sektorea: 168 denda, ostatu, jatetxe, taberna eta nekazalturismo daude. Orio bezalako herriarentzat aukera ederra dira bertan eros ahal izateko.
  6. Natura: Orioko Udalak natura ez du altxortzat hartzen, horregatik ez da inoiz  diru- partidarik jarri natura-ekintzak sustatzeko. PNVk eraman duen politika eraikitzailea dela medio,  natura-baliabide asko desagertu egin dira: Santio padura trenbideko lanetarako, Motondo, hondartza-duna naturalak urbanizazio erraldoia eraikitzeko...
  7.  Gazte mugimendua:  5259 biztanletik 1.000 dira 10 urtetik 30 urtera bitartekoak. Gaztetxearen alde mugimendu indartsua dago. Herri honetako gazteen beharrak asetzea ezinbestekoa da.  
  8. Ikastetxeak. Ikastolan 630 ikasle daude eta Zaraguetan 110 ikasle. Hortik aparte badira haur eskola, musika-eskola, esperientzia eskola, Elizako Ahizpak... EAJ eta alkatea buru dela, Udalak  2006az geroztik Ikastolarekin zuen hitzarmena hautsi zuen. Era horretan Ikastolaren etorkizuna zalantzan jarriz. Uste dugu gaur gaurkoz Orioko Udalak oriotar guztiei dagozkien beharrezko hezkuntza eskubideak ez dizkiela bermatzen.

Hausnarketa horren bidez herria aldaketa azkar eta sakon baten beharrean dagoela adierazi nahi dute, eta horretarako ari direla lan honetan, ekarpenak eta iritziak jasotzen eta guztien partaidetzarekin herrirako programa egoki bat prestatzen.

Horretarako datorren astean inkesta bat zabalduko dute herritarren arttean Oriori buruzko galdera orokorrekin. Era horretan ezker abertzalekoek herriari buruzko iritziak eta gogoetak jasoko dituzte gero herri programa egituratuz. Beraz, herritarrei parte hartzeko gonbitea luzatu nahi diete partaidetza eta hitza ziurtatzea baita beraien asmoa. Oraindik lekuak zehaztu gabe badaude ere, herrian barrena hainbat postontzi jarriko dituzte inkesta horiek jasotzeko.

 


Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide