Patxi Saiz getariarrak disko berria kaleratu du, Itxaropena izenekoa. Ondarroan bizi da musikaria, eta bertako hainbat abeslarik lagundu dute azken lan honetan; besteak beste, Kemen Lersundik eta Nerea Lasartek.
Euskal kantu tradizionalean eta kantautoreen tradizioan oinarritzen da hamaika kantuz osatutako lana. Jorratzen diren gai guztiek itxaropena dute helburu, eta horregatik jarri dio diskoari izan hori Saizek. Auto-ekoizpena da, Musikorta eta Noizbehinka estudioetan grabatua eta nahastua, 2010 urtean. Patxi Saizen ahotsa eta gitarra dira oinarri kantu guztietan.
Kantautore izaera oinarri izanik, hainbat tresnaren doinua jasotzen du diskoak: pianoa, akordeoia, biolina,oboea, armonika, baxua eta perkusioak. Kantuen hitz gehientsuenak Saizenak berarenak badira ere, beste egile batzuen hitzak ere erabili ditu, besteak beste, Ernest Arranbide, Luis M. Lauzirika Txili-renak, InazioEizmendi Basarri eta Telesforo Monzonenak. Kantuetan herrimina, espetxea, amodioa, barne hausnarketa… dira jorratu dituen gaiak.
Ibai Rekondo adiskidearekin batera hasi zen kantatzen, eta Euskal Kantu Txapelketa irabazi zuen. Kazkabarra taldeko kidea ere izan zen. Ondoren, ordea, bakarkako bideari ekin zion. 2003an Galdetzen izeneko diskoa kaleratu zuen, eta 2005ean Haize urrunak.