Pako Aristiren bi poema musikatu dituzte

Urola Kostako Hitza 2011ko otsailaren 24a

Joseba Barrenetxeak eta Celosamente Gordea literatura eta musika batzen dituen Halabedi Irratiko irratsaioko lagunek Pako Aristi poeta azpeitiarraren poema bana musikatu berri dituzte. Audioak www.uberan.com webgunetik hartuak dira. Gaur tronpeta bat oparitu diot Entzun Gaur tronpeta bat oparitu diot lagun bati. Onena bezalaxe ordaindu nuen, gero jotzen ez ikasteko. Nire lagunak jotzen ikasi zuen, baina ez zeukan tronpetarik. Ez da oso azkarra izan behar tronpeta hau nire lagunarena zela ulertzeko. Gauzak haiekiko grina jartzen dutenentzat dira, eta ez haiek erosteko dirua jarri zutenentzat. (Libreta horiko poemak, 2003) Larrua jo ondoren Entzun Larrua jo ondoren gizonak joan egin nahi du, eta emakumeak geratu. Larrua jo ondoren gizonak ez du laztanik behar, eta emakumeak bai. Gizonak ez du hitzik behar, baina emakumeari maitasuna hitzez elikatzen den sua zaio. «Ederki gozatu dut» dio gizonak. «Ederki gozatu du» pentsatzen du emakumeak. «Hau ere erori da» pentsatzen du gizonak. «Ezagutzen dudanetik maite dut» pentsatzen du emakumeak. «Titi ederrak dauzka» kontatuko du gizonak. «Irribarre polita dauka» kontatuko du emakumeak. «Bat gehiago!» pentsatuko du gizonak. «Ez dut gehiagorik nahi, hauxe baino» pentsatuko du emakumeak. Gizonak dio: «Hau denekin izango da beroa». Emakumeak dio: «Hau nirekin bakarrik eszitatuko da horrela». Hain ezberdinak izanik, ez dakit nola elkartzen garen larrua jotzeko ere. (Libreta horiko poemak, 2003)

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide