Labi eta Xaporraren auzian defentsako abokatu lanetan jardun dutenen iritziz, Espainiako Auzitegi Gorenak “datu faltsuak” erabili ditu aurrez Audientzia Nazionalak emandako epaia berresteko. “Lotsaren lotsaz, datu faltsuekin jantzi du sententzia”, zioen atzo Ainhoa Baglietto abokatuak. Atzo azaldu zutenez, bai Europakoek eta bai Espainiakoek “salaketa anonimoekin soilik inor ezin dela kondenatu onartu izan dute behin eta berriz”. Labi eta Xaporraren aurkako epai honekin, ordea, irizpide hori ez da bete, eta horren atzean arrazoi bakarra topatzen dute: “Gaointzekoentzat balio duenak, ez du balio euskal herritarrentzat. Euskaldunak direlako berretsi dute kondena”.
Mikel Elortzaren esanetan, oraindik ere saiatuko dira gelditzen diren “zirrikitu txikiak” aprobetxatzen, baina epaia irmoa denez, betearazteko arrisku erreala ikusten du.
Horren harira, Eskuz Esku elkarteko kideek deialdiak egin dituzte bi zarauztarrak atxilotzen dituzten egunerako. Lehenbizi, megafonia bidez sirena pasako dute albistea jakinarazteko. Horrez gain, 12:00etan elkarretaratzea egingo da Musika Plazan eta 20:00etan manifestazioa.
