Tamaina ertain eta handietako herrietako haurrek izaten dituzten kultura eta aisialdi aukeretara iritsi ez arren, herri txikietan ere bada haientzako ekimenik. Zestoan eta herriko auzoetan aldian-aldian jasotzen dute Txilipurdika eta Puxka-Muxka Zirkus taldeen bisita. Gaur erdigunean (17:00-18:00 Kultur Etxean) eta Arroa Behean (17:00-18:00 Kultur Etxean) egongo dira bi aisialdi taldeetakoak. Zestoako Udalak abian jarritako ekimenaren informazio gehiago osteguneko Hitza-n argitaratu zen.
Haien eskutik, ostiral arratsaldetan taldean jolasteko, eskulanak egiteko edo zirku handi bat osatzeko aukera dute abendutik.
Udalak proposatutako proiektua lantzen iazko maiatzean hasi ziren arren, abendu-urtarriletik dira martxan bi aisialdi taldeetako kideak Zestoako herrigunean ez ezik, Aizarnan, Arroa Goian eta Arroa Behean. Iraeta proiektutik kanpo gelditu da oraingoz, han «haur gutxi eta oso txikiak daudelako». Hala adierazi du Zestoako Gazteria Saileko dinamizatzaile Leire Otaegik.
Helburua argi du Otaegik, jolasen bitartez balore hezitzaileak lantzea: «Elkartasuna, sexuen arteko berdintasuna, adiskidetasuna, ingurugiroarekiko errespetua, integrazioa, eta euskal kultura, jolas zaharrak eta herri izaera jorratzea, besteak beste».
Hori hainbat modutan, talde batek baino gehiagok eta maiztasun anitzekin gauzatuko dute erdigunean eta auzoetan. Izan ere, Zestoan bi astetik behin biltzen dira eta, auzoetan, berriz, auzo bakoitzean hiru bider jardungo dute ekainera bitartean. Ekainean ikasleak goizez bakarrik joaten dira eskolara, eta ostiral gehienetan bestelako ekimenen bat egoten da. Horregatik, aisialdi ekimen horrek urrian izango du segida, Otaegiren esanetan: «Epe luzera begirako ekimena da hau, baina guztiz moldagarria izango da beharren arabera; beraz, ikusiko dugu etorkizunean nola garatzen dugun proiektua».
Bihar bertan izango dira aisialdi talde hauen hitzordu berriak. Zestoan izango da bat eta, auzoei dagokienez, Arroa Behean elkartuko dira oraingoan.
Herrian duela urte batzuk antzeko ekimenen bat egon zela gogoratzen dute Txilipurdika aisialdi taldeko Irati Otañok eta Aiora Etxeberriak, baina azken urteetan ez da egon gisa horretako aukerarik. Biek positiboki baloratu dute ekimena, eta datorren ikasturtean «hitzordua asterokoa izatea» ondo legokeela uste dute. Baita saioak kultur etxetik kanpora egiteko aukera izatea ere, «espazio gehiagorekin». Txilipurdikakoen balorazioarekin bat egin du Otaegik: «Herritarren eta haurren harrera ona izan da, eta gustura gaude, ondo erantzun diotelako Udalak egindako eskaintzari. Gainera, begiraleak ere lan ona egiten ari dira, eskaintzen dituzten jolasen eta saioen atzean beti dagoelako helburu hezitzailea».
Herrigunean, bi astean behin
Lanak ondo banatuta hasi dira umeekin asiaialdi zerbitzua eskaintzen bi taldeak. Txilipurdika taldeak Zestoan du jardunbidea, eta zazpi eta bederatzi urte arteko haurrei eskaintzen die parte hartzeko aukera. Bi astean behin ostiraletan, kultur etxeko gela batean elkartzen dira, 17:00etatik 18:00etara. Helburua haurrek ostiral arratsaldean «ondo pasatzea da, normalean izaten dituzten eskolaz kanpoko ikastaro eta gauzak alde batera utzita». Parte-hartzea adinak mugatzen du, baina gainerakoan guztiz irekia da, eta hezitzaileek ez dute jakiten zenbat haur izango dituzten saio bakoitzean. Abenduan hasi zirenetik, 20 lagun inguru elkartzen dira normalean.
Otaño, Etxeberria eta Josune Irure dira aisialdi taldeko hiru kideak, eta euren artean moldatzen dira proiektua garatu eta haurrekin hainbat ekimen eta jarduera egiteko.
Prestaketak irailean hasi bazituzten ere, abenduan hasi ziren haurrekin lanean, eta orain arteko esperientzia «ederra» izan dela adierazi dute Otañok eta Etxeberriak. «Beldur pixka batekin» hasi ziren, «esperientzia handiegirik» ez zutelako. Baina orain «oso gustura» ari dira. Kultur etxeko gela batean aritzen dira jolasean edo eskulanak egiten, baina batzuetan handik kanpora ere egiten dituzte saioak. Gabonetan, esaterako, kiroldegian egin zituzten jolasak, eta hiru egunetan jarraian bildu ziren, ohiko ordutegitik kanpora. Aste Santuetan ere antzeko zerbait egiteko asmotan dira, Pazko Astean, hain zuzen ere. Bihar ere saio berezia izango dute, Inauteriak gertu direnez mozorroak prestatzeko erabiliko baitute aisialdirako tarte hori.
Zoologikoa hautatu dute gaitzat, eta mota guztietako animalien mozorroak prestatuko dituzte, beraz.
Jolastuz eta ondo pasatuz, «elkartasun baloreak eta euskararen garrantzia» nabarmentzen ere saiatzen da hirukotea. Auzoz auzo Puxka Muxka taldekoak ibiltzen diren arren, Txilipurdikak ere hartzen ditu erdigunekoak ez diren haurrak: «Akuako haur asko etortzen da hona».

Aizarnako eta Arroa Goiko haurrak ezagutu ondoren, bihar Arroa Behekoak ezagutzea tokatuko zaie Puxka-Muxka Zirkus kultur elkarteko kideei. Lau eta hamalau urte arteko haur eta gaztetxoekin egiten dute lan haiek, eta jolasak eta eskulanak egiteaz gain, antzerkiaren eta zirkuaren mundura ere gerturatzen dituzte ekimenean parte hartzen duten haurrak. Arroa Goian zazpi-zortzi urte arteko hamar haur inguru elkartzen dira. «Aizarnan gehiago dira eta adin tarte zabalagoetakoak», dio kultur taldeko kide Puy Osesek. Arroa Behean, berriz, gaur ikusiko dute zenbat haur eta zein adinetakoak animatzen diren.
Auzotik auzora, elkartzeko tokiak desberdinak dira. Arroa Behean eta Arroa Goian kultur etxean izaten da hitzordua eta, Aizarnan, berriz, eskolan elkartzen dira. Urtarrilean hasi ziren Oses eta beste hiru kide auzoetara joaten eta, horregatik, aurtengo ikasturtean «hurbilketa lana» izango da nagusi: «Helburua haur bakoitzak barruan daraman abilezia aurkitu eta azaleratzea da; lotsa galtzea; bakoitzak duen berezitasun eder horri aukera bat ematea». Pausoz pauso, bidea egiten hasi dira, eta lehen pertzepzioa positiboa da: «Auzo eta herri txikietako haurrek asko eskertzen dituzte honelako ekimenak, baita gurasoek ere, eta hori guretzat pozgarria da oso».