Iratzarri Aralarren gazte taldeak formakuntza jardunaldiak antolatu ditu astebururako. Bi gaien inguruko saioak izango dira: nazioarteko elkartasuna eta garapen ereduak. Jardunaldion helburua gatazkei ezkerreko irtenbidea eman ahal izateko hausnarketa bultzatzea da. Iratzarriko antolaketa koordinatzaile orde Laida Elizegik adierazi duenez, Euskal Herriko gazteriak eztabaida foroak antolatu behar ditu, hausnarketa serioak bultzatze aldera: «Gazteon etorkizuna hipotekatzen ari diren honetan, inmobilismoari aurre egin, eta pentsatu eta ondorioetara iritsi beharra daukagu». Formakuntza bihar eta etzi izango da, Igerain aterpetxean, 10:00etatik 19:00etara.
Askotariko gaiak
Goizeko saioetan Mendebaldeko Sahararen inguruan arituko da Sahararen Plataformako kide bat. Jarraian, Nekane Perez Aralaren Nafarroako Legebiltzarreko hautagaiak gaiaren inguruko ikuspuntu instituzionala eskainiko du. Gerora, saharar batek gatazkaren inguruko hausnarketa egingo du.
Bazkalostean, berriz, Deshazkundea erakundeko bi kidek garapena izango dute hizpide. Aralarreko zinegotzi Andoni Ibargurenek azaldu duenez, «krisi garaian ongizatea neurtzeko ezin da ekonomian soilik oinarritu; beste alorrak aztertu behar dira bizi kalitatea neurtzeko».
Amaitzean, Iratzarriko bi kidek burujabetza zapatistaren inguruan mintzatuko dira. Kideok Chiapasen (Mexiko) bizi izan dira pare bat urtez, zapatista talde batekin.
‘Bai-bai’ belaunaldia
Iratzarriko nazioarteko harremanen arduradun Mikel Anderesen iritziz, gatazken aurrean «iritzi kritikoa izan ahal izateko beharrezkoa da formakuntza»: «Egungo gazteria ez da ni-ni belaunaldia, bai-bai baizik. Euskal Herriko gazteok militatzeko, ikasteko eta parte hartzeko gaitasuna dugu. Erakunde publikoek gazteen formakuntza bultzatu behar dute, eta horretarako baliabide ekonomikoak bidera ditzaten eskatzen diegu».